Horrela, azken urte hauetan zehar, Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundean dirua irabazteko asmorik gabeko erakundea, BASOA FUNDAZIOA, sortzeko asmo hori gauzatzen aritu gara, basoetako aberastasuna sustatu eta iraunarazteko eta Euskal Autonomia Erkidegoko zuhaiztiak babesteko.
Basoetako aberastasun hori ekoizpen soila baino askoz ere gehiago da, gizakiak betidanik erabili baitu basoak eskaintzen dion baliabide natural eta berriztagarri hori.
Ikuspegi erabat ekologiko batetik, zuhaiztiek funtzio ugari betetzen dituen eta konplexua den ekosistema osatzen dute, eta horrek egundoko aberastasuna izan eta biodibertsitatearen alde egiteaz gain erabat ezinbestekoa da gure atmosfera berritzeko. Bestalde, jolasa eta aisia dira basoak gure bizi-kalitatea hobetzeko eskaintzen dizkigun beste ekarpenetako batzuk, eta hori horrela dela garbi erakusten dute era horretako lekuetara aisialdian eta denbora librean sarritan joaten diren milaka herritarrek. Besterik gabe ibiltzera atera denarentzat, bidezidorretan barrena ibiltzen denarentzat eta mendizalearentzat, eta bereziki Euskal Herrian, eskaladak hainbesteko indarra duen lekuan, horretan ibiltzen denarentzat basoa leku zoragarria da, denbora pasatzeko baino askoz gehiagorako erabiltzen dena. Ehiztariak edo perretxikoetara joaten diren zaletuak ere tradizio handia duten kolektiboak dira eta beren jarduera gauzatzeko zuhaitzen premia dute.
Basoek eskaintzen dizkiguten zerbitzuak, ikus daitekeen moduan, asko eta ugariak dira. Kontuan izan behar dugu ingurumena babestu eta zaintzeko egiten duena gizarte guztiaren mesederako dela. Alde horretatik, ondare kolektibo hori defendatzeko baliabideak eskainiko dituen irabazteko asmorik gabeko erakundea sustatzea euskal basozaleek geure gain hartu dugun erabakia da.
Horregatik, bertan behera uzteko arriskua duten zuhaiztiak berreskuratzearen alde egin nahi du lan Basoa Fundazioak, eta bereziki paisaia eta ingurumen alorrean edo sentimenduzkoan euskal gizartearentzat interesgarriak izan daitezkeenak berreskuratzeko ahalegina egingo du.