Suteak eragiteko arriskua zegoenez, uztailaren 11n salbuespen moduan eta aldi baterako eman zen debekua indargabetu du foru agindu berriak

Marta Ruizek azpimarratu du uda honetan suterik ez dela izan, eta herritarrei, nekazariei eta, azken batean, Arabako landa ingurunean bizi, gozatu edo lan egiten duten guztiei zorionak eman dizkie suteen prebentziorako emandako gomendioei arrakastaz jarraitzeagatik.

 


 

Vitoria-Gasteiz, urriaren 18a. Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak Arabako landa ingurunean sua egiteko debekua kendu du, datorren astelehenetik, urriaren 21etik aurrera..

Uda aldiaren ondoren, udazkena heltzearekin batera eguzki ordu gutxiago daude, tenperatura baxuagoak eta hezetasun handiagoa. Horregatik guztiagatik, Aldundiak egokia iritzi dio sua egiteko aldi baterako debekua, joan zen uztailaren 11n ezarri zena, kentzeari, nahiz eta suaren erabilerarekin zuhurtzia handiz jokatzea gomendatzen jarraitu.
Marta Ruiz Ingurumen eta Hirigintza Saileko diputatuak azpimarratu du uda honetan suterik ez dela izan, eta herritarrei, nekazariei eta, azken batean, Arabako landa ingurunean bizi, gozatu edo lan egiten duten guztiei zorionak eman dizkie suteen prebentziorako emandako gomendioei arrakastaz jarraitzeagatik.
Marta Ruiz Ingurumen Saileko diputatuak izenpetu duen foru aginduan, sua egiteko baimena ematen da horretarako egokituta dauden lekuetan, Ingurumen eta Hirigintza Sailak “sutea izateko arriskua duten zona” izendatzen dituen eremuetan espresuki kontrakorik adierazi ezean.
Egokitutako lekuetatik kanpo, landa lurretan zurezko eta belarrezko espezieak eta landare hondarrak erretzeko, Aldundiaren Ingurumen eta Hirigintza Sailaren baimen espresua eduki beharko da.
Aipatutako foru agindua hauei guztiei jakinarazi zaie: Arabako toki erakundeei, Ertzaintzari, miñoiei, basozainei, UAGAri, nekazari eta abeltzainen elkarteei, baso elkarteei, Arabako ehiza esparruen elkarteei, eta parke naturaletan zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresei. Halaber, Arabako Mendi Federazioak eta Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzak horren gaineko jakinarazpena jaso dute.