Ondasun higiezin bat oinordetzaz, erosketaz, trukeaz edo beste eragiketa batzuez eskuratzen dugunean, ohikoena notariotzara joatea da, bertan eskriturak egin eta erositako ondasuna Jabetza Erregistroan inskribatzen baitigute, besteak beste.
Ez da hain ohikoa, batez ere landa-finketan, Notariotzak Katastroan aldaketa horren berri ematea; beraz, kasu askotan, Katastroan agertzen den informazioa, batez ere Landa Katastroan, ez dago eguneratuta. Horrekin batera, batzuetan, katastroko partzela-marrazkiak aurki ditzakegu, lurraren errealitatearekin bat ez datozenak, eta lerroak marrazteko orduan akats bat baino ez da izan.
Zentzu horretan, Bizkaiko Basogintza Elkartetik, eta ikusirik oso garrantzitsua dela katastroko datuak eguneratuta izatea lurrak kudeatzeko edozein administrazio-izapidetarako, batez ere laguntzetarako, dei egiten dugu bakoitza katastroko datuak egiaztatzeko ariketa bat egiten saia dadin, are gehiago basoko laguntzen plana laster irekitzea aurreikusten denean, non katastroko datuak zuzenak izatea eskatzen den.
Katastroko datuak Foru Ogasunean, zuen Udalean edo Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez eskuratu eta egiaztatu ditzakezue. Datu horiek berrikustean akatsen bat ikusiko bazenute, hobe duzue katastroko zuzenketa-izapideak hastea. Horretarako, gure erakundeak ohiko bitartekoen bidez aholkatuko dizue.