Euskadiko basogintza sektorea pairatzen ari den egoera arras kezkagarriaren aurrean, ezinezkoa suertatzen da egonean egotea. Behar-beharrezkoa da jarrera eraginkorra geureganatzea, izan ere, aurrean dugun aldaketa-garaian, lehentasunezkoa izango baita gure oraingo posizionamendua hobetzearen alde lan egitea eszenatoki berri horri begira.

Basogintzako merkatua zalantza biziko egoeran sartuta dago sektorearen krisiaren eraginez, eta nazioarteko atzeraldiak eta Klaus zikloak Akitaniako basoetan eragindako ondorio larriek egoera areagotu besterik ez dute egin.

Putzu sakonean sartuta gaude, zalantzarik gabe, baina oso argi izan behar dugu, putzutik ateratzen garenean, basogintzaren panorama arras bestelakoa izango dela orain arte ezagutu dugunaren aldean. Zenbat eta goizago bistaratu eszenatoki berri hori, orduan eta prestatuago egongo gara berriz ere bideari jarraitzeko. Ondorioz, hil ala biziko egoeran gaude, eta egoera honexetan finkatu behar ditugu etorkizuneko basogintza sektorearen oinarriak. Krisi orokorrak ageri-agerian utzi du basogintza alorreko merkatuak Euskadin zuen krisi estrukturala. Jarduera honetako berrikuntzarik eza eta balio erantsirik eza izan dira –gogoan hartzeko moduko salbuespenak salbu– egoera areagotu duten faktoreetako batzuk.

Horri gaineratu behar zaio zuraren eskaria gero eta txikiagoa dela gure merkatu tradizionaletan. Diagnostiko hau zuzena baldin bada, irtenbidea, zalantzarik gabe, ondorengo helburu garrantzitsu hauek sustatuko dituzten neurriei lotuta agertuko da: gure produktuen kontsumoa areagotzea eta berrikuntzaren bitartez balio erantsia eskaintzea, berrikuntza era erraz honetan definituz: produktu bati balio handiagoa ematen diona, antzeko beste produktu batzuetatik bereiziz.

Testuinguru honetan, energia sektorea aukera handia izan daiteke gure sektore osoarentzat, eta halaxe frogatu da horren aldeko erabaki estrategikoak hartu dituzten Suedia edo Austria bezalako herrialdeetan, non lehen fruituak jasotzen hasiak diren. Espero dugu sektore honetarako etorkizuneko politikak taxutzeaz arduratzen direnek aurrean ditugun aukerak bereizten jakingo dutela.

Azkenik, oraingoa bezalako garaietan eskatu behar diegu nagusiki administrazio publikoei ekintza arduratsuren bat abiaraz dezaten. Gure aldizkariaren aurreko alea aparteko albiste batez hasi genuen, halakotzat jo behar baitugu Gasteizko Parlamentuak basogintza sektoreari eta zuraren erabilera sustatzeari adierazi zien sostengua. Eusko Jaurlaritza berriari dagokio

bere gain hartzea ekimen hori. Aplikatzeko zailtasunak dituen ekimena da, baina honen onurak basogintza sektoretik harantzago hedatzen dira ingurumen nahiz iraunkortasunaren ikuspegitik, gizarte osoaren mesedetan.