BASOEN 2022 EGOERA DATUAK EUSKADIN
Aniztasuna kudeatu beharrean
HAZI Fundazioa da (Eusko Jaurlaritzaren erakunde instrumental bat) aldiro-aldiro, nazioartean finkatutako jarraibideak kontutan izanik, Euskadiko basoen mapa zehatz bat gauzatzen duena (zuhaitz-masen banaketa-kartografia) hauen hedadura kuantifikatzeko.
Hauek, Euskadiko basoaren nudnik-norakoa aurkezten diguten 2022 urtean jasotako lur erabilpenaren datuak kaleratu berri dituzte.
Berauen datu zehatzak orokorrago taldekatuez gero, Euskadiko lurrazalaren %93 (670.080 ha) lehen sektoreko jardunbidera zuzendua dagoela ageri da (baso, landa, ortu sastrakadi edo harriarte). Euskadi, bere apurrean (722.975 ha) oraindik landa giroko lurraldea da. Edonola ere, agerikoa da lur erabilera ugariena basoa duela (lur azaleraren erdia baino gehixeago, 396.191 ha). Beraz, basoak berebiziko garrantzia du gurean.
Garrantzi hau, maial desberdinean bada ere, hiru lurralde historikoetara zabaltzen da. Denetan, basoa da lur erabilera nabarmenena.
Euskadin baso erabilpena duen lur erabilera azaleraren jabetza aztertuaz gero, erdia baino gehixeago pribatua dela ageri zaigu. Honek, garrantzia handia du baso horietan gertatu izan denaren (eta gertatuko denaren) erabakiak nola eta zergaitik hartu diren azaltzerakoan. Asko, norbanako eta familienak dira.
Baldintza honen eraginak ikusteko, basoa osatzen duten espezien banaketa azter genezake. Askorik sakondu gabe, izan genitzazkeen zuhaitz espezie guztien taldekatze orokor bat eginez, konifero edo hostozabal bezalakoetan, erdia baino gehixeago hostozabalak direla ikusiko dugu. Batetik eta bestetik ditugu, batez ere, hostozabalak (226.497 ha).
Euskadik konifero espezie mota asko ditu bere basoetan hedaturik. Gehien azaltzen dena radiata pinua baldin bada ere, beste konifera mota asko azaltzen dira baita. Horien artean kuantitatiboki nabarmentzekoak, bertakoak diren Pinu gorri eta Itsas pinua, eta kanpotik ekarritako Larizio pinua, Douglas izeia, nahiz Alertzea leudeke. Guzti hauek, egun eraikuntzarako eskaera handia duten egur dentsitate handiko enbor zuzenak ekoizteko ahalmena dute (denek erabilpen mota bera izango ez badute ere). Beraz, tokiko egur industriak egun duen eskaera indartsu horri aurre egiteko ekoizpena momentuan badago.
Horrez gain, baina oraindik neurri txikian baldin bada ere, enbor zuzenak sortu arren, dentsitate gutxiko egur ekoizpena duten kriptomeria eta sekuoia basoak ere hasi dira azaltzen. Etorkizunean, egur industriak gurean izan dezakeen erabilpen aniztasuna eskaintzeko oinarria ere hasi gara landatzen.
Ugariena den espeziearen datuak sakonago azterturik, radiata pinuarenak (102.488 ha) gehien batean baso zerratu edo erdi zerratuak dituela ikusten da. Itsura batean, beraz, badago oraindik nun basogintza dinamikoago bat (mehaste ugariagoekin) egin (ekoizpenean naiz basoaren beste zerbitzu ekosistemiko batzuetan onurak izango lituzkeena). Noski, honetan, apea edo serra txikirako bezalako enbor txikiek izan dezaketen merkaturatze aukerak (prezioek) asko baldintzatzen dute (dinamizatzeko handitu egin beharko lirateke).
Aldiz, radiata pinadien garapen faseen banaketak, fase nagusienen irudi hedatua erakusten du (edo dagoeneko tantaiak dira edo hauetako zuhaitzak, bota berri daude). Tarteko faseak, batez ere espezie honen birsortzekoak, nahiko urriak dira. Honen ondorioz, orain artean espezie honekin egindako basogintzari esker, momentuan egurra ustiatzeko moduko basoa badago, baina etorkizunera begira, gutxitu edota desagertu egin daiteke.
Hain justu, pinu tantai izandako baso azaleretan mozketak bai baina espezie berberarekin birsortze gehiago ez egoteak, toki horietan espezie aldaketa gertatzen ari dela azaltzen du. Koniferoen artean, alderantzizko egoeran dauden espezieak lirateke horiek. Adibidez, Kriptomeria (edo sekuoia).
Konifero espezien aniztasuna handia bada Euskadin, hostozabalena hare eta handiagoa da oraindik. Gainera, espezie bakar bat izan beharrean bere azalera kopuruan nabarmentzen dena, hostozabal espezie sorta bat dira: pagoa, beresiak (espezie anitzez osatutako baso misto atlantiarra) erkametza, artea, eukaliptoa (espezie mota desberdinak izan badaitezke ere kudeaketa eta egur erabilpen antzekoa izango dutenez bateratuak ageri dituguna) haritza eta ametza.
Hostozabal espezie sorta horretako guztiek enbor ekoizpen eta egur erabilera desiratua izateko potentziala izan badute ere, Eukaliptoaren salbuespenarekin, beraien egoeraren datu sakonagoek egungo kudeaketa eza eta urteetako bertan behera uztea ageri dute.
Har dezagun adibide giza, berauen arteko nahazte bezala azaltzen den baso misto atlantiarra (beresiak). Gehien-gehienak baso oso zerratu bezala osatuak ageri dira, inungo basogintzarik jaso ez duten seinale
Konifero gehienekin alderatuz haskunde maila motelagoa izaki, eta hori bultzatuko lukeen kudeaketa seinalerik gabe, garapen fase goiztiarretan azaltzen dira beresi gehienak egun.
Gainera, lehen garapen fase hauetan, hau da, argi eta ur aukera zabalagoa den horretan, basoa misto bezala azaltzen bada ere, joera, haritzak menderatzea da. Beraz, misto izaera bermatuko lukeen kudeaketarik gabe, harizti bezala izendatzera igaratzeko garapen fase goiztiar baino ez izatea liteke baso hauek.
Hostozabal nabarmenenen sorta horretako beste zuhaitz espezieak, aldiz, urteetan inungo kuedaketarik gabe egotearen adierazle nabarmenak ageri dituzte baita.
Artadiak adibide giza harturik, txara bezala erabili izanaren eta egun kudeaketa ezaren adierazle den garapen fase ia bakar bat azaltzen dute.
Orokorrean, Eurkadiko hosotozabalek basogintza eza eta bertan behera utzita egotea azaltzen dutela nabarmen ageri dela esan genezake.
Aldiro-aldiro kaleratu izan diren baso-mapa hauek, gero eta konplexuagoak bilakatu dira, eta aldiro, eremu gehiago bildu izan dituzte. Bilakaera horren ondorioz, azaleren emaitzak eta iraganeko inbentarioei dagozkien mapak arretaz alderatu behar dira. Salbuespen horiek guztiak kontuan hartuta, orain arte kaleratutako mapa desberdinen arteko alderatze bat egin genezake, Euskadiko basoen bilakaeraren nundik-norakoari antza emateko.
Lehen baso-mapetan era bat nabarmentzen zen radiata pinua, aldiro-aldiro, gutxitu egin da. Horren ordez, batez ere hostozabalak ordezkatu dira. Beraz, guztirako baso azalera mantendu bada ere, espezie aldaketa batekin egin da, radiata pinua hostozabalekin ordezkatuez gehien batean.
Baina hostozabal espezie denak ez dira berdin ugaritu. Eukaliptoa eta baso misto atlantiarra izan dira, batez ere, ugaritu diren hostozabal espezieak (horregaitik oraindik hauek garapen fase goiztiarrak azaltzen dituzte). Eukaliptoak haskunde oso azkarra duenez eta bere egur erabilpen ohikoena enbor sendoera txikietan egiten zaionez, industrializaziorako prest ageri da. Baina baso misto atlantiarra aldiz, fase goiztiar hauetan, eta etorkizunerako industrializazio egokia izan dezan, basogintza dinamikoago baten premian azaltzen da (inauzketa eta mehasketak bereziki).
Aldiz, pago, erkametz, arte eta haritza bezalako espezieak, urte guzti hauetan antzeko azalera hedapen batekin mantendu izan dira. Hauek, beraz, ez dira hedatu, zeuden lekuetan hasi (sendotu) baizik. Horregaitik, bertan behera utzita direla sendotu direnez, enbor oker eta adartsuak dituztela, industria eraldapenerako eskaintza urria dutela garatu dira. Hauek ere basogintza dinamikoago baten premia badute ere, batez ere kontu handiarekin egin beharreko mehaste eta birsortze mozketak izango dituzte premian.
Edonola ere, hosotozabal basoak Euskadin, berez erneta garatutakoak izan dira batez ere, edo orain urte asko landatu edo zepatik pujekin ekarriak. Azken urte hauetan hostozabal landaketa berriak egin badira ere, hauen haskundea ez da horren besterakoa izaten ari.
Azken urteotako dinamika eta egungo egoera ikusirik, hiru puntu nabarmendu genitzazke Euskadiko basoan:
- Basoaren hedadura zabal eta ugaria
- Baso horren aniztasun zabala
- Hostozabal espezie gehienen basogintzaren beharra
Basoak gizarteari onura asko eskaintzen dizkionez, egokia da agertzen zaigun hedadura. Basoa anitza izateak onurak izan ditzazkeenez (izurriteen aurrean, suteen aurrean, ekosistemen zerbitzuen eskaintzan …) egokia da agertzen zaigun egoera anitza baita. Aldiz, basogintza, ez da ageri denean berdin eta egoki banatua. Koniferoak era dinamikoagoan kudeatzen diren moduan, hostozabalak ere komeni da kudeatzen hastea.
Baina basoen argazkia horrela ikusi ahal izateko, beharrezkoa litzateke gure gizarte eta kulturan oinarri batzuk ezartzea. Gure gizarteak, baso anitzen eskaintza anitz eta aberatz hori, era justu batean kontsumitu beharko luke, bere behar izan anitzak, tokiko ekoizpen anitzarekin eta prezio duin batean hasetuz. Azken batean, baso anitzak, tokiko kontsumo anitz bat suposatzen du. Izan dezagun kontutan eta jar gaitezen abian.