Hau zientziataz (ez) dihoa

Duela urtebete pasatxo, Schöningengo aztarnategi arkeologiko alemaniarreko aurkikuntza berri baten berri eman zen. Behe Paleolitotik (duela 300.000 urte inguru) zetorren ehiza-tresna zen. Silexez moldatutako izei gorri egur pieza bat. Hominidoek (garai hartan ez zen ezta gure espeziea ere) basoaren erabilera askotariko eta oso antzinakoa egin dutela adierazten du honek, gutxienez egurra (erremintak egiteko) eta elikagaiak (zurezko tresna horiekin ehizatutako animaliak) lortzeko erabiltzen bait zuten.

Azterketa antrakologiko (egur-zatiak) palinologiko (polena eta esporak) eta karpologiko (fruituak) horiek izan dira Europan baso-kudeaketaren hasieraren garapena berrikusteko bidea. Hala, duela gutxi egiaztatu ahal izan denez, gaur egungo Bartzelona, Neolitoan (7.600 urte inguru) behin eta berriz mehasteko suarekin kudeatutako baso eremu batetik dator, edo I. mendean K.o. Erroman, egungo Frantziako ipar-mendebaldeko Jura bezalako eskualde urrunetan kudeatutako basoetako egurrez egindako eraikinak zeuden.

Europako hurrengo zibilzibilizazioen bilakaera bere basoen etengabeko kudeaketari esker jarraitu da egiten. Garai horietan, erabilera, metodologia, teknologia eta kudeaketa bezalako alderdien ezagutza ahoz eta lanbideen ikaskuntzaren bidez transferitu izan da. Era berean, baliabide naturalak, oro har, eta basogintzakoak bereziki, agortezintzat hartu izan dira. Hori dela eta, Europako baso-kudeaketari buruzko lehen ohar eta dokumentazioak zeharkako iturri batetik datoz: mendien erabilerari buruz dekretatzen hasi ziren araudietatik.

XIII. mendetik aurrera, garai hartako erregeak, Euskadirentzat oihan kontzesio handiak ematen hasi ziren beren lurraldeetan burdina ekoizten laguntzeko (Michel eta Gil, 2013). Hala, biomasaren (zuhaitzaren gai organikoen multzoa) ekoizpena handitzeko eta adarrak landare-ikatzera bihurtzeko, zuhaitzak burugabetzea oinarri duen (hortik aurrera lepatuak deituko direlarik) baso-ustiapen sistema berezi bat abiarazten da. Lepatu horiekin batera, tantaiak uzten ziren (berez sortuak, txertatu gabeak eta tratatu gabeko espeziearen berezko ezaugarriak dituztenak) egitura-egur gisa aprobetxatzeko.

XIV. eta XV. mendeetan, euskal hiribilduetatik kanpo dagoen lurraldea, mendiaren aprobetxamendu intentsiboa bermatzen zuten baserriz, errotaz eta burdinolaz populatzen hasi zen. Hiru erabilera nagusi zituen: burdinoletarako egur-ikatza; abeltzaintza elikatzeko belar, adar eta fruituak; eta ukuiluetarako naiz soroak ontzeko azpigarri eta orbelak lortzea.

Itxuraz urrun zeuden zenbait alderdi ere, hala nola itsas konkista eta garai hartako baleen ehiza, gure basoetan espresuki egindako kudeaketaren bidez lortu ziren (ontziak, hauen osagaiak eta itsas bidaietan ondoren erabiltzekoak izango zirenak egiteko enbor eta adarrak lortuaz). Horren erakusgarri da San Juan euskal baleontzia, XVI. mendean Ternuan (gaur egungo Kanadako kostan) ondoratua eta Kanadako arkeologoek 1978an aurkitu ondoren, gaur egun Albaola euskal itsas faktoriakoek berreraikitzen saiatzen ari direna.

Erabilera horien konbinazio harmonikoa ez zen beti orekatua izan. Europako leku askotan basoak gutxitu egin ziren eta zuhaitzak urritzen hasi ziren. Basosoiltzea eta horren ondorioz egur hornidura ezaren arazoa, Europa osora zabaldu zen une horretatik aurrera. Gero eta eskaera handiagoa zen eskaintza kontrolik gabea baino, eta horrek kalte sozial eta ekonomiko larriak eragiten zituen. Hala, XV. mendeko Veneziako Errepublikan hasiz, nun herri mendietako haritz eta pagoen aprobetxamenduak legeztatu zituzten, mendietako baso-kudeaketa arautuko zuten estatu-araudiak ezarri ziren Europa osoan.

Michel eta Gilen kalkuluen arabera (2013) garai horietan Euskadin burdinaren eta itsasontzien industria eta hornidura zibila mantentzeko, milioi bat metro kubiko luze haritz, gaztainondo eta pago egur behar izan ziren. Horretarako, basoa laborantza eraginkor bihurtu zen. Etengabe birlandatu eta tekniko eta juridikoki moldeatuko zen basoa, industriaren eta gizarte-horniduraren beharren arabera. Zalantzarik gabe, garai honetako basoa bere osotasunean kudeatzen zen.

Basoa kudeatzeko eredu horrek gure lurraldean hainbat mende iraun bazituen ere, oso ahula zen. Ekoizpenaren mugan zegoen eta kanpoko hainbat baldintzatzailek mehatxatua, zuhaiztiak gutxituz joan ziren. Garai horietan, espezie desberdinen berri bazuten, mendian egin behar zuten kudeaketaz eta industria-aprobetxamenduaz bazekiten, baina nabari ez zena baliabide horren benetako aukera zen: goiko-kapitala kontsumitu gabe atera zitekeen egurra, birsorkuntza-ahalmena agortu gabe jasan zezaketen abeltzaintza edo gehiegi ustiatzeagatik basoa bere osotasunean murriztu gabe ustiatu zitezkeen mende kopurua.

Europa osoan arrunta den bidegurutze horren aurrean, Ilustrazioak (XVIII. mendeko mugimendu intelektual, filosofiko eta kultural aurrerakoia) begirada eta basoak kudeatzeko modu berriak dakartza, batez ere haien iraunkortasunean oinarrituta. Hans Carl von Carlowitz ingeniari saxoia izan zen, 1713an argitaratutako Sylvicultura Oeconomica lanarekin, Germaniako baso-pentsalariek egurraren ekoizpenean “iraunkortasuna” ziurtatzeko beharraz zuten ideia agertuko zuena (Schmithüsen, 2013). Ingeniari honek, tratatu horretan, etorkizuneko eskakizunetan eta beharretan murrizketarik eragin gabe, gizakiak egindako ahaleginaren bidez basoak sortu eta kudeatzeko gomendio batzuk arrazoitu eta azaltzen ditu.

Basoen iraunkortasunaren eta horretarako behar den kudeaketa arrazoituaren ideia berritzaile hori garai hartako pentsalari eta ingeniari germaniarren lan-gai bihurtuko zen. Hauek beren idazkiak argitaratu eta beren ezagutzak partekatzen dituzte, arrazoibidea aginte-karguetara iritsiaz eta germaniar estatuaren politiketan sartuaz garaiko Cameralismoari esker (izakinei eta ekoizpenari buruzko informazio neurtua eta kuantifikatua sartuz, gobernuaren kudeaketa absolutista). Hala, lehen baso-ingeniariak eta Europako lehen baso-eskolak sortzen dira. Basoen kudeaketa zientzia gisa hartzen hasten da (Bennett, 2015).

Europa osoak baso arazo bera zuenez, laster Germaniako baso zientzia hau Europako gainerako estatuetara zabalduko da. Hala, Estatu espainiarrak bere lehen ikasleak Tharandteko baso eskolara bidaltzen ditu eta, 1846an, Mendi Eskola sortzen du haiekin. Geroago, 1854an, Estatuko Mendietako Ingeniari Fakultatiboen Kidegoa eratuko zuen.

Euskal mendietako lehen ingeniaria Ramon Xérico Irígoras izan zen, 1852ko lehen promozioan dagoeneko ikasi zuena, eta ondoren, estatuko mendietako ingeniarien kidegoan Euskadira bideratu zutena (Michel eta Gil, 2013). Horrela iristen dira Euskadira bere basoen kudeaketan jasangarritasun-arazoei aurre egiteko gai den zientzia eta mozketak arautzeko eta arrazionalizatzeko gai den administrazio-egitura. Une horretatik aurrera, egur ekoizpenaz gain, zuhaitzez estalitako baso-azalera handitzea lortzen da.

Hala ere, pentsamendu ilustratu honen ondoriozko industri, nekazaritza eta basogintza bilakaerek, aldaketa handiak ekarri zituzten gizartearen giza-portaeran eta horrek planetan duen eraginean. Horrek gogoeta berriak sortu zituen garai hartako pentsalari eta idazleen artean: eremu intentsifikatuari, baso planifikatuari, hiri moderno industrializatuei, haien gizarte eta kulturei… eta, aldiz, eremu natural urrunei eta haietan ustez “basati” ziren biztanleei buruz:

Gizakiak, bere norabidean, eragin handia izan du Naturan. Basoak suntsitu ditu eta, beraz, klimaren baldintza atmosferikoak aldatu ditu. Landare- eta animalia-espezie batzuk erabat desagertu dira gizakiaren bidez, nahiz eta funtsezkoak izan Naturaren ekonomiarako. Alde guztietatik, airearen purutasunari smogak eta substantzia kaltegarriek eragiten diote, eta ibaiak kutsatuta daude. Hauek eta beste elementu batzuk Naturarekiko inbasio larria dira, gaur egun gizakiak ez ditu elementu horiek kontuan hartzen, baina oso garrantzitsuak dira, eta, azkenik, haien eragin gaiztoa erakusten dute, ez bakarrik landareetan, baina berdin animalietan, ez baitute gizakiaren erresistentziaren sendotasun eta botererik” (Just, 1896).

1866an komunitate biologikoen arteko harremanen azterketa definitzeko German Ernst Haeckel zoologian aditua zen alemanak “Ökologie” hitza (ekologia gisa itzulia) erabili zuenean, era guztietako komunitateen arteko harremanak aztertzeko esparru berri bat ireki zen zientziaren munduan (Bennett, 2015). Baina natura goraipatzen zuen testuinguru historiko eta kultural berri horrek (Erromantizismoa) izugarri markatu zuen zientzia berri horren garapena. Hala, aurrerantzean landare-komunitateen arteko harremanak ezartzeko erabiliko ziren teoria ekologikoek ez zuten gizakiaren presentziarik izango. Haien baso-kudeaketa, izadiaren berezko bilakaeran gertatutako nahasmendutzat baino ez zen hartuko. Lehen parke nazionalak sortzeko ideia aitzindariak izan ziren hauek, giza esku-hartzea baztertzeko lekuak. Horrela, ekoizpen eremu eta kontserbazio eremuen arteko desberdintasuna ezarri zen.

Hala ere, gogoeta-mota horrek, baso-zientzia zabaltzeko balio izan zuen. Mendiak egur ekoizle soiltzat hartzeari utzi, eta pixkanaka, espektro globalago baten barruan, funtzio zabalagoa hartuko zuen (egurra, larreak, fauna, flora, ura, lurzorua, paisaia eta klima). Horrek, gainera, baso-kudeaketari baso-eredu berrietara zabaltzeko aukera eskaini zion (birsorkuntza naturalak, estalki jarraituak, masa mistoak eta abar).

Bigarren Mundu Gerraren ondorengo aldian, berriz ere aldaketa garrantzitsuak gertatu ziren Estatuko ingurumen-erregulazioaren inguruko jarrera publikoetan (Bennett 2015). Aro nuklear eta kimiko ezezagun baten ondoriozko giza biziraupenaren beldurrek ere, landare, animalia eta ekosistema osoak giza ekintzengaitik arriskuan zeudela ikustera bultzatu zuen jendea. Gauzak horrela, sistema demokratikoen garapenak eta askatasun zibilen aurrerapenak babesturik, Mendebaldeko herrialdeetan mugimendu ekologista (ingurumen-mugimenduarena ere esaten zaiona) sortu zen. Bere jarduera, manifestazio, eskaera publiko, liburu argitalpen eta salaketa sozialen moduko kultur ekintzen bidez gauzatzen zuen. Kutsaduraren murrizketan, lurralde bakanetako baliabide naturalen (ura eta airea, esaterako) basa bizitzako habitaten eta galzorian dauden espezieen erreserben babesean jartzen du arreta.

Mundu zientifikoan, testuinguru sozial eta kultural guzti honek bildu eta baldintzaturik, kontserbazioaren biologiaren diziplina sortu zen, naturaren aniztasuna babestera bideratutakoa. 80ko hamarkadarako, hainbat eremutako zientzialariek ohartarazi zuten deforestazioak, zatiketa ekologikoak eta giza ekintzak, espezieen biziraupena globalki arriskuan jartzen zutela. Kontserbazio-biologoek (giza ekintzagatik) arriskuan zeuden espezie eta ekosistema osoak salbatzeko, funtsezko tresnatzat hartu zituzten babestutako eremuak eta erreserbak.

Hori horrela, basoaren definizio zientifiko batzuk, ustezko naturaltasunean (giza ekintzak, nahita edo nahi gabe, baso baten konposizio ekologiko eta bizi-historia osatzen duen neurria) oinarrituko lirateke. Horixe da Elhuyar Kultur Elkarteak (1998) bere hiztegian erabilitako basoaren definizioaren kasua. Nahiz eta onartu “baso” hitza “oihan” hitzaren sinonimo dela, berez sortutako baso naturalak eta gizakiak guztiz gidatu eta kontrolatuak bereiztea komeni zela zioten. Horretarako, lehenengorako “baso” eta bigarrenerako “oihan” bereizketa erabiltzea gomendatzen zuten.

Babestutako eremu eta erreserbotan (nahiz eta milaka urteetan kudeatutako lurretan ezarriak egon) giza esku-hartzea baztertu edo gutxitzeko araudiak ezartzen dira. Merkatu ekonomiko batean merkaturatzeari lotuta egon daitekeena, bereziki zigortzen da. Horixe da, adibidez, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren EKPZn ezarritako artikuluaren kasua (4.4.3.21 artikuluaren 11. puntua); artikulu horrek debekatu egiten du jatorri autoktonoko zuhaitz-espeziez osatutako arloetatik egurra salgai ateratzeko aukera. Era berean, baso kudeaketarako aukerak murriztu eta mugak ezartzeko joera dago, kudeaketa hori behar bezala egiteko horrek sor dezakeen eragina kontuan hartu gabe (argiko espezieentzat ere baterako mozketak egiteko debekua, neguan aprobetxamendurik egiteko baliabiderik ez duten mendietan udan lanak galaraztea, mendietan sarbide berriak egitea eragoztea naiz eta gabezia izan, merkatuetan eskaera izan arren espezie jakin batzuk landatzea debekatzea ...).

Beraz, joan den mendearen hasieran komunitate zientifiko naturalistan egindako gogoeta zena, mende horren amaieran eta oraingoaren hasieran, gizarte osora zabaldu da, eta esparru zientifiko eta administratibo garrantzitsuetan sartu. Eremu horietan, basoa (milaka urtetako kudeaketa historikoa izan arren) eta gizakiak (duela gutxi) landatuta dagoena bereizten dira. Hala, landaketak baztertzeko joera dago, eta baso gisa definitutakotik giza ekintza baztertzeko joera, asaldatzailea eta erregresio ekologikoaren sortzailea dela uste baita. Basoko kudeaketa antropikoaz zalantza egiten da eta muga gogorrak ezartzen zaizkio. Azken finean, baso zientzia gutxietsi egiten da eta kontserbazionista goratu.

Ikerketa Zentro Bateratuko kideek Nature izen handiko zientzia-aldizkarian argitaratu berri duten artikulua, bidegabeko alderatze horren adibide garbi bat izan da. Haren egileek, egurra erabiltzeko egindako egungo aprobetxamenduen ondorioz, Europako baso-azaleraren gainbehera azkar eta bizia erakutsi nahi zuten. Egileon ondorioa, baso-zientziak aldarrikatutako bioekonomiak (elikagaiak, materialak eta energia ekoizteko, lurraren eta itsasoaren baliabide biologiko berriztagarriak erabiltzea: hala nola, laboreak, basoak, arrainak, animaliak eta mikroorganismoak) baso-antolamendu jasangarrirako desafioak jartzen dituela da (zuhaitz-mozketa areagotzea ez da klima-aldaketa arintzeko eta biodibertsitatea mantentzeko jasangarria).

Baso zientziako kideek eta baso kudeaketan aritzen diren erakundeetako ordezkariek bakarrik nabaritu zuten argitaratutakoaren desproportzioa. Izan ere, institutu eta basogintza-zientziaren alorreko zenbait erakunderen lankidetzari esker, urte bat inguru geroago, eta aldizkari zientifiko berean, beste artikulu bat argitaratu da non ukatu egiten baitira aurreko artikuluak erakutsitako emaitzak eta haietan oinarritutako ondorioak.

Baina ideia hauek gaur egungo kontserbazio-zientziaren zati handi batean hain errotuta daude, horrelako aldizkarietan argitaratzeak binakako berrikuspen-prozedura estandarizatu bati jarraitu arren (horrek ustezko kalitate eta inpartzialtasun bermeak ematen dizkiolarik) lehen artikuluaren berrikuspenean parte hartu zuen inork ez zituela inungo momentuan ez emaitza ez muturreko ondorio horiek zalantzan jarri. Era berean, ideia horiek hain errotuta daude gaur egungo gizartean, ezen lehen artikulu horrek oihartzun mediatiko oso handia izan baitzuen (hurrengo zuzenketa-artikulura iritsi ez zena).

Nature aldizkari zientifikoko artikulu horiek testuinguru zabalago batean baloratu behar dira. Benetan, Europa mailako politikak zehazteko guda baten aurrean gaude (gero Estatu eta eskualde mailetara pasatzeko). Europar Batasuneko zenbait lekutan gogor ari dira basogintza, bioenergia eta bioekonomia geldiarazteko lanean. Horregatik, basogintzan diharduten sektoreen jakintza eta lana bazterturik daude. Beraz, Europar Batasuneko estrategiek ez dute baso zientzia aintzat hartzen edo ez behar bezain beste.

Momentu hauetan, Europako Hitzarmen Berdearen bidez (hazkunde ekonomikoa baliabide birjin ez-berriztagarrien erabileratik eta emisio kutsatzaileen sorreratik bereiziz) Europar Batasunak klima-aldaketaren eta biodibertsitate-galeraren egungo erronkei aurre egitea nahi die. Helburu horren aurrean, basoaren kudeaketa ezinbestekoa da: ura, biodibertsitatea eta atmosferako karbonoaren bahiketa egokitzen dituen tokiko material eta energia berriztagarriak eskaintzen bait ditu, eta, gainera, enplegua eta interes kultural handiko beste ondasun batzuk sortu. Baso-kudeaketa ez da arazoa, konponbidearen zati baizik.

Horregatik, nahiz eta naturatik haratago ezin garela joan egia den, gizakiok oraindik ere natura erabili beharrean gaude. Horretarako, natura kudeatu egin behar dugu. Premia horren aurrean, baso zientziaren behaketa eta monitorizazioak zuhaitzak zenbatze hutsetik haratago doazela argitu eta zabaldu behar dugu. Baso-zientziak baso-ekologiaren garapenean lagundu du (Sevilla, 2008) eta gaur egungo basogintza funtzio anitzekoa da (Schmithüsen, 2013). Ekoizpenaren edo kontserbazioaren lurralde-bereizketa postmodernista gainditzea da gakoa (Izquierdo, 2015) hemendik aurrera ekoizpena kontserbatuz eta kontserbazioa ekoiztuz egiteko.

Baso zientziak gainerako diziplina zientifikoekiko bilakaera bateratua izan du. Gure ideiak errealitatearekin kontrastatzean eta ondorioak era independiente batean egiaztatzean parte hartzen du. Oinarrizko zientziez elikatzen eta gainera berauokin parte hartzen duen zientzia aplikatua da. Metodo zientifikoen bidez lortutako ezagutzen multzoan ekarpen bat gehiago. Gizakiak bere inguruko mundua ulertu eta ezagutza horiek bere mesedetan aplikatzeko sortu duen tresna horren parte. Argi dugu, beraz, garapena zientzia gehiagorekin izango dela. Jakin behar duguna da, halaber … baso zientzia gehiagorekin izango dela. Ezagut dezagun. Aintzakotzat har dezagun.

Aitor Onaindia Bereziartua

Basoa Fundazioa

2021eko azaroak 10

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Bennett B. 2015. Plantations and protected areas. A global history of forest management. Serie History for a Sustainable Future. Massachusetts Institute of Technology.
  • Elhuyar Kultur Elkartea. 1998. Ingurugiro hiztegi entziklopedikoa. Eusko Jaurlaritza.
  • Izquierdo J. 2015. La conservación cultural de la naturaleza. HAZI y Departamento de Desarrollo Económico y Competitividad del Gobierno Vasco.
  • Just A. 1896. Traducido por Lust B. 1903. Return to Nature.
  • Michel M. y Gil L. 2013. La transformación histórica del paisaje forestal en la Comunidad Autónoma de Euskadi. Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco. https://www.euskadi.eus/contenidos/libro/transforpaisaje/es_agripes/adjuntos/coleccion_lur18.pdf
  • Schmithüsen F. 2013. La sostenibilidad aplicada en el sector de las actividades forestales cumple 300 años. Unasylva. Volumen 64 nº 240: 3-11. https://www.fao.org/publications/card/es/c/371c2cfc-8ca2-5740-9f1b-c1d7ef22a0ff/
  • Sevilla F. 2008. Una teoría ecológica para los montes ibéricos. Instituto de Restauración y Medio Ambiente S.L.