Aurtengo urtean zehar, eta Nafarroako Rural kutxaren babesarekin, hostozabalak eta beresiak (berez ernetako zuhaitzez osatutako basoak) kudeatzeari buruzko hainbat hitzaldi eta jardunaldi burutu ditugu. Hiru lurraldeetako eskualde desberdinetan gauzatu ditugun baso kudeaketara zuzendutako heziketa ekimenak izan dira guztiak, tokiko erakundeen ekimenez abiatutakoak:

  • Gipuzkoa: Olaberriako udala.
  • Bizkaia: Garaiko udala eta Urkiola Landa Garapenerako Elkartea.
  • Araba: Luiaondoko Administrazio Batzarra eta Zabaia Landa Grapenerako Elkartea.

Eskualde bakoitzean burututako jardunaldiak bi ataletan garatu ditugu:

  • Lehen atala: eskualde bakoitzean hostozabal eta beresien egoera eta bilakaera aztertuz eta berauetan zuhaitzak nola garatzen diren azalduaz, oinarri teoriko batzuk azaldu dira. Kudeaketaren beharrean eta baldintzetan sakondu da, horretarako dauden premia eta aukeretan.
  • Bigarren atala: praktikara, basoko lanetara zuzendu da. Hostozabal basoetan eta beresietan egin beharreko lanak zeintzuk diren aztertu, zein sasoitan egin beharrekoak diren ikusi, horretarako erabil litezkeen tresnak aurkeztu eta hauek nola erabili erakutsi da.

Eskualdez-eskualdekako heziketa jardunaldi hauetaz gain, eta Nafarroako Rural Kutxaren babesaz baita, nekazaritza heziketara zuzendutako hiru euskal irakaskuntza zentroetako irakasleekin ere burutu dugu hostozabalen inauzketari buruzko saio hamankomun bat. Gipuzkoako Fraisoro Nekazal Eskola, Bizkaiko Derio Nekazal Eskola eta Arabako Murgiako 2. Hezkuntzako Institutuko hainbat irakasle eta Basoa Fundazioko ordezkariak, Euskal Mendi Federazioak eta Aramaioko udalak Besaide mendian dituzten basoetan batu ginen, hostozabaletan inauzketak nola, noiz eta zerekin egin aztertzeko.

Azaldutako jardunaldi guzti hauetan, interes handiarekin gerturatu da jendea. Hostozabal eta beresien kudeaketak jakinmina sorrarazten du gure gizartean eta horri buruzko heziketak badu eskaria. Horregaitik, hurrengo urterako ere, bagabiltza Nafarroako Rural Kutxarekin akordio berri bat adostu eta era honetako heziketa ekimen gehiago eskaintzeko lanean.