Ura prozesu hidrologiko nahiz funtsezko beste prozesu askotako protagonista da (biologikoak, klimatikoak edo lurzorukoak). Gainera, klima aldaketak basoetan sortzen dituen ondorio gehienek lotura zuzena dute desoreka hidrologikoekin. Ondorioz, sistema naturalen egoera eta funtzionamendua ezagutzeko, ekosistemek beren prozesu guztietan urarekiko duten portaera eta harremana aztertu behar da.
Basoen kasuan, azterketa hori egiteko, ura basoetara nola iristen den, nola banatzen den eta nola irteten den aztertu beharra dago. Une bakoitzean ura non dagoen eta nola erabiltzen den ikusi behar da. Horrek inguruko atmosferan, xurgatzen eta transpiratzen duten landareetan, eta biltegiratzen eta eramaten duen lurzoruan dagoen ura aztertu behar dela esan nahi du.
Testuinguru hori ezagutzeak informazio garrantzitsua ematen du baso bakoitzaren egungo egoera eta bilakaeraren etorkizuneko aukerak ikusteko:
- Klimaren aldaketek basoetan eta baso ekosistemetan duten eragina.
- Mendekotasun handiagoa duten beste zerbitzu ekosistemiko batzuei eusten dieten funtsezko zerbitzu ekosistemikoen hornidura eta erregulazio egoeraren kuantifikazio zehatza.
- Gure basoak klima-aldaketara egokitzeko edo haren eragina arintzeko, edota gure baso horien erresilientzia hobetzeko ekintzak arrazoitu eta ezartzeko oinarri sendoa.
Gero eta proiektu gehiago daude zuhaitzen eta uraren arteko harremana aztertzen. Kezkatzen duen eta ikusmina sortzen duen gaia da, baita Euskal Autonomia Erkidegoan ere. Hori dela eta, horietako batzuetan murgilduko da ikastaroa, bereziki, EAEko egungo basoetan dauden berezko zuhaitz espezietan oinarritutakoetan.
Dagoeneko eskuragarri dituzue uda ikastaroetako web orrian ikastaro honi buruzko zehaztasunak (zuzendariak, egitaraua eta hizlariak) eta izena emateko jarraibideak: https://www.uik.eus/eu/jarduera/arboles-agua?_gl=1*1ep9sl9*_up*MQ..*_ga*ODI4NTU0MzI2LjE3NDcyMTYyOTA.*_ga_D0PCVYN27W*czE3NDcyMTYyODkkbzEkZzEkdDE3NDcyMTYzMTYkajAkbDAkaDA.
Izena eman eta zatozte, ez zarete damutuko !
