Medikuarengana joan eta gure gorputzaren ezaugarrien azterketa egitera ohituta gaude, gure osasun egoera ezagutzeko. Beraien emaitzak tarte ezberdinetan agertuko dira eta, horren arabera, medikuak gure egoera karakterizatu ahal izango du. Tira, basoekin ere antzeko zerbait egin genezake. Basoko zuhaitzen ezaugarri desberdinak gailu ezberdinekin neurtuko lirateke eta emaitzak tarte ezberdinetan aurkeztuko lirateke, baso horren karakterizazio bat jasoz.
Ekintza honek baso honen bilakaera, egoera eta patua ezagutzeko aukera emango digu. Karakterizazio honek basoen kudeaketa hobeto definitzen lagunduko digu.
Horren ondorioz, orain arte gure ingurunean hain ugariak ez diren hariztiak hobeto kudeatzeko mota honetako karakterizazioa egiten ari gara. Hori lortzeko, lankidetza garatu dugu Basoa Fundazioaren, Gipuzkoako Baso Jabeen Elkartearen eta Hazi Fundazioaren artean.
Karakterizazio honetan, zuhaitzen diametroa eta altuera neurtzeko gailu ohikoenez gain (forzipula, erpina…), adina eta dentsitatea neurtzeko beste gailu zehatzago batzuk erabili dira. Hona hemen gailu hauen erabilera erakusten duten bideoetarako estekak: eskanerra , Pressler augera eta erresistografoa .