Azken aldian bolo-bolo dabiltzan gaiak jorratu ditugu USSEkoekin batera antolatuta aurtengorako aurkeztu dugun uda ikastaroan. Arrera bikaina izan duen kurtso jendetsua izan da.
Klima-aldaketa arazo aldakor eta kronikotzat hartu behar dugu. Gure bizi-baldintzak aldatuko ditu, eta agertoki bakar batean ere ezin izango dira berreskuratu. Horrek, zelatatzen gaituzten aldaketen aurrean egokitze eta arintzean bizkor jardun behar dugula esan nahi du, aldaketa horiek ahalik eta jasangarri eta ez kaltegarri izan daitezen saiatuz.
Klima aldaketaren eragin negatiboak gure basoei eragingo die. Ezin izango dira orain arte bezala garatu. Arriskuan daude, bai haien garapena, bai izate hutsa. Hala ere, baso-kudeaketa lagungarria izan daiteke inpaktua txikiagoa izan dadin eta egoera edo ezbehar berrietara egokitu daitezen. Bestalde, basoak ere lurraren gainean garatzen den sistema natural bakarra dira, eta bertan kudeaketa nabarmena egin dezakegu. Bai basoak eta bai berauek hornitzen gaituzten elementu edo zerbitzuak zuzendu ditzazkegu, klima-aldaketaren ondorioak arintzen lagun diezaguten.
Klima-aldaketaren ondorioak arindu eta klima-aldaketara egokitzeko helburu horretan, karbono-merkatuak gizartearen eskura egongo den irtenbide garrantzitsu bat izatera deituak daude. Hain da horrela, ezen une honetan interes handia baitago haiengan. Baina ekimen askotan gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten eta praxi txarra duten merkatuak garatzen ari direla da arazoa. Horrek guztiak mesfidantza sortzen du, eta, aldi berean, merkatuko prezioak okertzen ari dira. Horregatik, garrantzitsua da merkatuak behar bezala garatzen dituztenen lan ona bermatuko duten erregulazioak eta kontrol-mekanismoak garatzea. Arazoa ez datza hainbeste zertan, nola baizik.
Ildo horretan, ikerketa eta garapen teknologikoko hainbat erakundek eta euskal basogintza-sektoreko hainbat eragilek proiektu bat garatu dute baso-kudeaketa iraunkorrean oinarritutako karbono-merkatu bat ezartzeko. Merkatu boluntarioa da, prozesuetan oinarritutako tresnen bidez egiten dira kalkuluak, eta bitartekariak saihesten saiatzen da, igorle posibleak eta karbono-finkatzaile posibleak (baso-jabeak eta -kudeatzaileak enpresekin eta erakundeekin) lotuz. Egurraren merkatura egokitzen saiatuko den merkatua da, Euskadiko baldintza espezifikoetarako baliagarria, eta basogintzaren kudeaketa jasangarria izango du tresna nagusi (basoetan esku hartzea karbonoa finkatzeko gehigarritasuna sortzeko). Prozesu osoa euskal kasuistikari egokitutako estandar propio batek egiaztatuko du. Horrela, Europatik datorren araudiari baliozko erantzuna eman ahal izatea lortu nahi da, eta sistema sendo, garden eta fidagarri gisa finkatu.
