Espainiako Baso Jabeen Erakundeen Konfederazioak (COSE), zeinaren parte baita Euskadiko Basogintzako Elkarteen Konfederazioa ere, «Los bosques no pueden esperar más» («Basoek ezin dute gehiago itxaron») izeneko manifestua argitaratu du. Dokumentu honetan, baso-politika estatuaren lehentasun estrategikoen artean kokatzeko beharra planteatzen da.
Estatu mailako ikuspegitik landutako manifestuak Espainiako basoek gaur egun dituzten erronkei buruzko hausnarketa egiten du, baso-sute handien gorakadaren testuinguruan. Era berean, baso-kudeaketa jasangarria funtsezko tresnatzat jotzen du suteak prebenitzeko, klima-aldaketara egokitzeko eta natura-ondarea zaintzeko.
Dokumentuak hainbat proposamen jasotzen ditu, besteak beste: Basoen aldeko Estatu Itun bat onartzea, baso-kudeaketa jasangarria interes orokorreko jardueratzat aitortzea, basogintza-jardueraren ezaugarrietara egokitutako fiskalitatea sustatzea, ekosistema-zerbitzuen ordainsariak ezartzea, administrazio-prozedurak sinplifikatzea eta biomasa modu jasangarrian mobilizatzea zein mendien kudeaketa aktiboa bultzatzea.
Jarraian, osorik argitaratzen dugu Espainiako Baso Jabeen Erakundeen Konfederazioak (COSE) egindako manifestua.
