- BKB zerbitzuaren bitartez 200 hektarea kudeatzen ditu Baso Elkarteak eta akordio honi esker, basojabeek zuzendaritza teknikoaren kostuaren % 60 aurreztuko dute
- Baso Kudeaketa Bermatua (BKB) kudeaketa eskuordetuko zerbitzua da, profesionalen zuzendaritza teknikoaren pean, baina jabeek beren lurrekiko eskubide guztiak eta erabakitzeko ahalmena mantentzen dituzte.
Gipuzkoako zuhaitz-masen abandonua geldiarazteko eta jabe partikularren mendietan baso-kudeaketa aktiboa eta iraunkorra bultzatzeko hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako Baso Elkarteak (GEBE) eta Rural Kutxaren Gizarte Ekintzak. BKB (Baso Kudeaketa Bermatua) zerbitzua indartzeko hitzarmena da, hain zuzen ere. Horren bidez, Gipuzkoako Baso Elkarteak eskuordetutako baso-kudeaketa eskaintzen die bere bazkideei, beti ere zuzendaritza tekniko baten pean.
Gipuzkoako Baso Elkarteko bazkideei zuzendutako zerbitzua da BKB. Gogoan hartu behar dugu, GEBEren 2.800 bazkideek 51.000 hektareako baso-azalera dutela, hau da, Gipuzkoa osoko baso-azaleraren % 41,5 inguru.
Askotan, nahi bai, baina ezin. Beren mendietan baso-kudeaketa iraunkorra eta aktiboa mantentzeko gaitasun falta edo ezintasuna sentitzen duten basojabeak geroz eta gehiago dira. Baina horietako askok ez dute beren lurren gaineko kontrola galdu nahi, ezta haien inguruko erabakietatik kanpo gelditu nahi. Basojabe horientzat guztientzat alternatiba egokia izan daiteke BKB
Mota guztietako baso-masak onartzen dira BKB-n. Izan landaketak, zein birsortze naturalekoak; bai koniferoak, zein hostozabalak. Zuhaitz mota guztiak dira ongi etorriak. Eta kudeaketa iraunkorra bazkidearen filosofia eta nahi duen mendi mota errespetatuz egingo da beti.
Rural Kutxaren Gizarte Ekintzaren ingurumen arloaren barruan kokatzen da dirulaguntza hau, eta BKB-ren zerbitzuei lotutako zuzendaritza teknikoaren kostuaren % 60 finantzatzea aurreikusten du. GEBEren eta haren bazkideen artean sinatutako eskuordetza kontratu guztiei aplikatuko zaie laguntza.
BKB zerbitzuak 21 basojaberen 200 hektarea inguru kudeatzen ditu jadanik Gipuzkoan. Baso Kudeaketa jasangarriko plan batean gauzatzen dira kontratu hauek guztiak. Eta landaketa berriak egiteko garaian ere aholkuak ematen ditu GEBEk, azalera eta mendi-zonalde bakoitzerako zuhaitz-espezie egokienak aukeratuz eta eskainiz.
Zerbitzu honen funtsezko elementuetako bat da baso-kudeaketa erabat eskuordetzeko aukera: kasu honetan, jabeek ez dute ezertaz arduratu beharrik. Horri jarraiki, Gipuzkoako Baso Elkartea arduratuko da inausketak, garbiketak, tasazioak, mozketak, baso-berritzeak, garbiketak, laguntza-eskaerak, araudia betetzea, baso-osasunari buruzko gaiak, salmentetan laguntzea edo mendira bisita teknikoak egiteaz.
Adostutako kudeaketa eskuordetuaren edozein kasutan, BKB-k bermatzen du jabeak kontrola izango duela bere mendien inguruan hartzen diren erabakietako bakoitzean. Bazkideak hartuko ditu azken erabakiak, elkarteko teknikarien aholkularitzarekin.
Elkarlanean
Akordio horren bidez, GEBEk eta Rural Kutxaren Gizarte Ekintzak baso-kudeaketa jasangarriarekin eta Gipuzkoako landa-ingurunearen garapenarekin duten konpromisoa indartzen dute, eredu profesionalizatu, ordenatu eta basojabeen beharretara egokitua izatea erraztuz.
Sinatutako hitzarmena urrats garrantzitsua da baso-kudeaketa aktiboa eta jasangarria errazteko, oztopo ekonomikoak murriztuz, belaunaldien arteko erreleboa erraztuz eta mendi-eredu ordenatuagoa, produktiboagoa eta iraunkorragoa sustatuz.
Bestalde, Rural Kutxaren Gizarte Ekintzak ingurumenarekin eta landa-ingurunearen garapenarekin duen konpromisoa indartzen du akordio honen bidez, baso-kudeaketa hobetzen eta lurraldearen jasangarritasuna lortzen laguntzen duten ekimenak babestuz.
Basoaren eraldatzea
Gipuzkoako baso-azalera aldaketa handia jasaten ari da azken urteotan, hainbat espezie enblematikoei (intsinis pinua eta larizio pinua, esaterako) eragiten dien banden gaixotasuna hedatu delako batipat.
Eta Gipuzkoan ematen ari den espezieen eraldaketa eta dibertsifikazio horretan, intsinis pinuari, baso misto atlantikoari, pagoei, haritzei, Douglas izeiei, alertzeei, larizioei, arteei eta itsas pinuei beste espezie batzuk gehitzen ari zaizkie, hala nola Sequoia sempervirens, Cryptomeria japonica edo Cedrus atlantica, besteak beste.
GEBEk horietako bakoitzaren balioa eta izaera azpimarratu nahi ditu, bai eta gure mendietan baso-kudeaketa iraunkorreko ereduak ezartzearen garrantzia ere, gipuzkoar guztiek eskura izan ditzaten ematen dituzten zerbitzu ekosistemikoak.
