
2022ko urriaren 23an, Las Pucheras jaiegun handia ospatzen ari ziren Balmasedako bizilagun guztien begirada harrituaren aurrean, baso-sute bat piztu zen 125 zenbakidun Onura Publikoko “Arbaliza, Retao eta Los Arroyos” mendian, Balmasedako udalarena, 498 ha erre zituena.
Iberiar penintsulan zein ondoko Frantziako landetan sute handiak eragin zituen uda lehor baten ondoren, sute horrek, azken 30 urteetan Bizkaian izan den larrienak, zirrara handia eragin zuen gizartean. Hori dela eta, Bilbao BBK Live Jaialdiaren antolatzaileek, erretako mendiaren zati baten eta parte-hartze sozialaren bidez, basoak leheneratu eta herritarrentzako hezkuntza eta dibulgazio proiektu bat garatzeko, 2023ko edizioan saldutako sarrera bakoitzeko 3€ eman zituzten.
Lankidetza publiko-pribatuko proiektu bat izan da (Balmasedako Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbao BBK Live eta Basoa Fundazioa), zeinarekin 16 ha baso birlandatu, eskolako eta prestakuntzako jarduerak, hitzaldiak eta bisita gidatuak, dibulgazio-materiala eta karbono-aztarnaren kalkulua eta konpentsazioa garatu diren.
Azken jarduera hori, karbono-aztarna kalkulatzea eta konpentsatzea, emisioen eta finkapenen arteko oreka-prozesu interesgarria da. Alde batetik, proiektua gauzatzean egindako jardueretan izandako berotegi-efektuko gasen emisioak zenbatetsi dira, eta, bestetik, landatutako zuhaitzek egingo duten xurgapena eta birsortutako basoko hainbat konpartimentutan karbonoa nola finkatuko den kalkulatu da.
Basoa Fundazioa proiektu hau zuzendu eta koordinatzeaz arduratu da, eta berriki, beste prentsaurreko berri batean emaitzak aurkeztu dira.
