- Elkarteak 2.818 bazkide ditu, Gipuzkoako basojabe guztien % 27
- Insignis pinuak beste % 9 egin du atzera azken urtean
Gipuzkoako Baso Elkarteak bere XLI. Ohiko Batzar Orokorra egin du maiatzaren 23an, larunbata, Azpeitiko Soreasu Zineman. Eta bertara joan diren bazkideek Julian Unanue lehendakari karguan berretsi dute. Maiatzaren 4ra arte hautagaitza berriak aurkezteko epea irekita egon da, baina ez da beste inor aurkeztu. Julian Unanue izan da, beraz, berrespenera aurkeztu den hautagai bakarra.
Julian Unanue (Azpeitia, 1948) Gipuzkoako Baso Elkarteko sortzaileetariko bat izan zen, 1984ean. 2022ko uztailean elkartean egin ziren hauteskudeetan irabazi eta gero, lehendakari bihurtu zen. Eta lau urteko epealdia bukatuta, lehendakari kargua berritzeko prozesua ireki da elkartean. Esan bezala, ez da beste hautagairik aurkeztu eta Unanueren kargu-berrespena onartu du batzarrak.
Lurralde historikoan dauden 10.400 basojabeetatik, 2.818 (897 emakume) gurekin daude bazkidetuta gaur egun. Inoiz baino gehiago elkartea 1984an sortu zenetik. Eta horietatik guztietatik, 1.334 baserrietan bizi dira: ia erdia.
Batzarrean, Elkarteak Gipuzkoako baso-mapa berriaren datuak eman ditu: Hazi Fundazioak duela gutxi eguneratutakoak. Horien arabera, lurraldeko baso-azalera guztiaren % 62 zuhaitz-masez estalita dago. Guztira, 122.864 hektarea.
Gipuzkoako Baso Elkarteko bazkideek 51.191 hektarea batzen dituzte guztira. Lurralde osoko baso-azaleraren % 41,6.
Elkartearen kezka nagusia azkenaldian, basogintza aktiboa eta Baso Kudeaketa Jasangarria eta zertifikatua sustatzea da. Eta ildo horretan, Gipuzkoako Baso Elkarteak azken urtean hori sustatzeko egindako ahaleginak azaldu ditu.
BKB zerbitzua (Baso Kudeaketa Bermatua) abian jartzea horietako bat da. Gipuzkoako Baso Elkarteak 21 hitzarmen sinatu ditu orain arte beste hainbeste basojaberekin. Eta horien bitartez, Elkarteak 200 hektarea ingururen kudeaketa hartu du bere ardurapean.
Baso abandonoari aurre egiteko, BKB-ren bitartez, beren mendien kudeaketa aurrera eraman ezinik dabiltzan basojabaeei, baso-kudeaketa eskuordetzeko aukera ematen zaie. Kontratu bidez eta zuzendaritza tekniko baten pean.
Intsinis pinua eta gaitza
Gipuzkoako Baso Elkartearen Ohiko Batzar Orokorrean Intsinis pinuaren egoera ereaztertu da. 2018tik hona, Gipuzkoan atzera nabarmen egin du intsinisak. Eta moztu berri diren sailak kontuan izanik (gehienak banda marroiaren gaitzak jota), 20.997 hektarea baino ez dira geratzen zutik gure lurraldean. Horietatik, heldutako zuhaitzek 15.000 hektarea baino ez dute betetzen. Emandako datuen arabera, azken urtean % 9 egin du atzera Radiata pinuak (insignis).
Baso Misto Atlantikoa da, pinuaren atzetik, azalera gehien betetzen duen baso mota: 20.672 hektarea. Eta ondoren, pagoa (18.624 ha.) eta bertako haritza (9.456 ha.).
Gipuzkoako baso-azaleren egoera ere aztertu da: gaur egun, Gipuzkoako basoan zuhaitz hostozabalak dira nagusi: % 51,6; eta koniferoak % 48,4 dira. Azken hauek dira egurretarako erabiltzen direnak.
Gipuzkoako Baso Elkarteko zuzendaritzak azaldu duenez, iaz Gipuzkoan aprobetxatu edo moztu ziren 667.000 egur metro kubikoetatik, % 97,2 zuhaitz koniferoetatik atera zen; eta % 2,8 soilik hoztozabaletatik. Guztira, 1.441 mozketa eskaera bideratu zitzaizkion Foru Aldundiari eta 2.718 hektareari eragiten zieten: mozketa eskaera bakoitzeko bi hektarea baino gutxiagoko bataztebestekoa.
Gipuzkoako baso-azaleren ezaugarri nagusienetariko bat da % 78,6 basojabe partikularrena dela. Eta mendi publikoak, aldiz, % 21,4 baino ez dira.
ALBISTEAK KOMUNIKABIDEETAN
Gipuzkoako Baso Elkarteak Ohiko Batzar Orokorra egingo du larunbatean Soreasun
Propietarios forestales de Gipuzkoa se dan cita este sábado en Azpeitia
