Hainbat lerro diruz lagunduko ditu Nekazaritza Sailak, belar-sastrakak garbitzeko, bideak irekitzeko eta landaredia berreskuratu zein birlandatzeko lanak egiten dituztenei laguntzearren. Neurri horietarako zenbatekoa datozen hiru urteetarako ia 5 milioi euro da.

Bizkaiko Foru Aldundiak beste neurri multzo bat prestatu du gure basoak hobetu, zaindu eta garatzen laguntzeko. Kudeaketa iraunkorreko elementuak gehitu zaizkie neurrioi eta bideragarritasun ekonomikoa ere eman zaie; izan ere, azken hori ezinezkoa da basogintzak aurrera jarraituko badu. Diruz lagunduko den inbertsioa edo gutxieneko inbertsioen baturak 1.000.000 euro ingurukoa izango da, eta birlandatzeko, belar-sastrakak garbitzeko eta abarrerako, gehienez, 60.000 euroko diru-laguntza emango da, ustiategiko. 2011, 2012 eta 2013ko ekitaldietan, guztira, 4.969.600 euro inbertitzea aurrez ikusita dago, lehen aipatutako neurriak abiarazteko.

Ekoizle pribatuek zur ziurtatua lor dezatela sustatu eta garatzen jarraitu nahi du Nekazaritza Sailak, eta horretarako, baso kudeaketa iraunkorreko planak prestatzeko laguntzak emango dizkie. Sailak prestatu dituen neurrien beste helburu bat da ingurunea errespetatzen duten makinak hobeto erabiltzea eta haien erabilera optimizatzea; horretarako, makina berritzaileak erosteko laguntzak emango ditu.

Baso-ekoizpenean, dibertsitatea handitu nahi da, merkatuan eskaintzen den zura dibertsifikatzearren: baso espezie produktiboen kopurua gehitu nahi da, eta batez ere hazkunde ertaina duten espezieetatik lortzen den zur noblea gehitu nahi da.

Halaber, baso-berritzeek eta basoko lanek ere laguntza jasoko dute, baldin eta haien helburua ekoizpenen errentagarritasuna hobetu, basoetako biomasa gutxitu eta baso-suteen arriskua gutxitzen laguntzea bada.

Ezarri diren laguntza-lerroak

Basoen balio ekonomikoa handitzeko laguntzak: belar-sastrakak garbitzea, inproduktiboak garbaltzea, kimuak aukeratzea, itxiturak eta babesleak jartzea, inausketak ongarritzeak edo tratamendu fitosanitarioak egitea, biomasa jasotzea edo hondakinak birrintzea, baso-jabeak makineria erostea, erabiltzen ez diren itxiturak kentzea.

Basogintzako eta larretako azpiegiturak hobetzeko eta garatzeko laguntzak.

Basoetarako laguntzak (balio ekologiko handiko basoak zaintzea eta lehengoratzea; ur-bazterreko landaredia berreskuratzea eta iraunaraztea).

Natur hondamendiek (gaixotasunak, izurriteak, lehorteak…) basoen potentzialari eragindako kalteak berreskuratzeko laguntzak; haien barruan, mozketek, zuhaitzak kentzeak, garbiketek eta abarrek eragindako kostuak zein jarduera prebentiboak (ur-puntuak, suebakiak...) sartu ahal izango dira.

Basoetan egiten diren inbertsio ez-produktiboetarako laguntzak: jasotze topografikoak, basoen kudeaketa iraunkorrerako planak prestatzea, baso-sartzeak, basogintzako makineria erostea…

2010/12/21

Informazio iturria: Bizkaia.net