Basoen Nazioarteko Eguna ospatuko den astean, dokumentu honek euskal “basoen ondarea” balioesten du, gizarte, ingurumen eta ekonomia aberastasun iturri gisa
Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Baskegurrek, Basoa Fundazioak, Fraisoro Eskola Lanbide Heziketa Integratuko Nekazaritza Zentroak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako baso-jabeen elkarteak biltzen dituen Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak basogintza-sektorearen aldeko adierazpena sinatu dute astelehen honetan, basogintzari balioa emateko eta Euskadin baso-kudeaketa jasangarria eta aktiboa sustatzeko.
Datorren hilaren 21ean Basoen Nazioarteko Eguna ospatuko dela aprobetxatuz, gaur sinatu dute Adierazpen instituzional hau Zizurkilgo Fraisoro nekazaritza eskolan. Era horretan, baso-abandonuari aurre egiteko konpromisoa azaldu dute euskal erakundeek eta baso-zuraren sektoreak. Azaldu dutenez, euskal “baso-ondarea ingurumen, gizarte eta ekonomia aberastasun iturri da”; eta baita ere “klima-aldaketaren aurkako borrokarako tresna garrantzitsua”.
Bestalde, Julian Unanue Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederazioko presidenteak gogorarazi duenez, mende bat pasatxoan, Euskadi zuhaitz-azaleraren % 25 baino ez izatetik, Europako baso-ratio handiena duen eskualdeetako bat izatera pasa da: gaur egun, Euskal Autonomia Elkarteko azalera osoaren % 55 baino gehiago zuhaiztiak dira.
Eta azpimarratu du eraldaketa hori ez dela “bakarrik” etorri, baizik eta “lehen sektoreari lotutako milaka baso-jaberen” eskutik iritsi dela, eta horien jarduera “baserriaren euskarri garrantzitsua” izan dela. Euskadik Baso Kudeaketa Jasangarriaren alde egindako apustua azpimarratu du Unanuek eta esan du, EAE-ko baso azalerako % 27 PEFC jasangarritasun zigiluaren baitan zertifikatuta dagoela, Espainiako estatuan % 14 den bitartean.
Sinaduraren ondoren, pinu gorri (Pinus Sylvestris) bat landatu da Fraisoro Eskolako ikasleak hainbat baso-espezie sartzen ari diren lursail batean.
OHARRA: Ekitaldian izan dira Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuordea; David Fernandez, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendaria; Kolbobike Olabide, Gipuzkoako Aldundiko Mendietako zuzendaria; Oskar Azkarate, Baskegurreko zuzendari nagusia; Juan Ramon Murua, Basoa Fundazioko presidentea; Pilar Ibañez de Garayo, Fraisoro Eskolako zuzendaria; Julian Unanue, Euskadiko Basogintza Konfederakundeko eta Gipuzkoako Baso Elkarteko presidentea; Jose Antonio Zabala, Bizkaiko Basogintza Elkarteko presidentea; eta Maria Jesus Solaun, Arabako Basogintza Elkarteko presidentea.
ADIERAZPENA
Euskadiko basogintza sektorearen alde
Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Arabako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, nekazal lanbide hezkuntzako Fraisoro Eskolak, Baskegurrek, Basoa Fundazioak eta Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak, zeinak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko basojabeen elkarteak biltzen dituen, ondorengo adierazpena egitea adostu dute. Honen bitartez, publikoki aitortzen dute basogintza jasangarri eta aktibo batek gure egunerokoan jokatzen duen paper garrantzitsua, bai lehen sektorean eta baita ere gizarte guztian:
- Baso-sartzearen, baso-berritzearen eta Euskadiko basogintza-ondarearen protagonistak
Baso-jabeak funtsezkoak izan dira gaur egun ezagutzen dugun Euskadi berdea eraikitzen. XX. mendearen hasieran, Gipuzkoako eta Bizkaiko basoen azalerak lurralde horien guztien
% 25 baino ez zuen betetzen; eta ondoren lortu dugun baso-ondare handitzea, gaur egun
% 55era iritsi arte, baserriari eta lehen sektoreari lotutako milaka lagun horien basoberritze ahalegin handiari esker izan da posible.
- Gizartea kontzientziatzea eta baso-jarduera uzteari aurre egitea
Gure basoen aniztasuna eta eskaini diezaguketen ekoizpen-, paisaia- eta babes-potentziala izugarri handiak dira. Baso-jabetza motibatu behar dugu bere inbertsioa eta dedikazioa basoen kudeaketa jasangarri, errentagarri, kalitatezko eta berritzaile baterantz bidera dezan. Gizartea bidelagun behar dugu baso-jarduera bertan behera geratzea saihesteko; gizarte-ulermena eta babesa oso garrantzitsua da. Belaunaldien arteko erreleboa bermatzea eta etorkizunean gure mendiak modu aktibo eta jasangarrian kudeatzen dituzten baso-kudeatzaileak behar ditugu.
- Landa-eremuak bultzatzea eta tokiko administrazio txikiei laguntzea
Biodibertsitatea hobetzeaz gain, sute arriskua murrizteaz gain eta ekosistema hauek gizarte osoari eskaintzen dizkieten ingurumen-zerbitzuez gain, basoak gure herrialdean errotutako enplegu-iturri egonkor izan daitezke eta izan behar dute. Horrek guztion bizi-kalitatea hobetzen lagunduko luke, batez ere landa-inguruneetan, eta gure erresilientzia klima-aldaketaren aurrean ere bai.
- Klima-aldaketari aurre egiteko tresna
Basogintza-sektoreak modu aktiboan laguntzen du Euskal Autonomia Erkidegoko 2050eko Klima Aldaketa Estrategia gauzatzen. Plan horrek gure herrialdearen karbono-hustubide ahalmena handitzea bilatzen du; eta horrekin batera, Euskadiko berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea, ‘Basque Green Deal’ itunarekin bat eginez.
- Baso-kudeaketa jasangarriaren aldeko apustua
Euskadiko azalera osoaren % 55 zuhaitzez estalita dago, eta horrek Europako baso-ratio handienetariko bat duen eskualdeen artean kokatzen gaitu. Horretarako, Basogintza Kudeaketa Jasangarriaren kultura gure egunerokoan txertatu dugu, era horretan bermatuz landaketa eta baso-kudeaketen ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-jasangarritasuna.
- Zero kilometroko politikak
Basoek industriarako hurbiltasun eta kalitateko lehengaiak eskaintzen dizkigute. Kontuan izan behar dugu, gainera, zuraren euskal industria % 70ean ‘Zero kilometro’ko produktuez hornitzen dela.
- Bioekonomiaren, ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua
Basogintza eta zuraren sektorean berrikuntzarako aukera asko daude; merkatuan aukera berriak daude eta baita ere baso-sistemak jasaten ari diren aldaketak hobeto kudeatzeko garaian: azalera handitzea, dibertsitate genetikoa sustatzea edo zuhaitzek ekosistemetan sortzen dituzten elkarrekintzak indartzea funtsezkoa da klima-aldaketaren aurrean erresilienteak diren basoak lortzeko.
- Baso-zuraren sektoreak euskal gizarteari egindako ekarpena
Zuraren industriaren ekarpenarekin eta ingurumen zerbitzuen balorazioarekin batera, nabarmentzekoa da baso-kudeatzaileen eta -ekoizleen ekarpena ere. Sektoreak % 1,5 inguruko ekarpena egiten dio Euskadiko BPGri. Horrez gain, basogintza eta zuraren balio-kateak zuzeneko eta zeharkako 20.000 lanpostu inguru sortzen ditu. Eta hauei lotutako ingurumen-zerbitzuek sortzen dituzten lanpostuak ere kontuan hartzen baditugu, Euskal Autonomia Erkidegoko enpleguaren % 2,4 ingurura irits daitezke.
- Basogintzarekin lotutako lanbide hezkuntza eta gizarte-hezkuntzaren alde egitea
Lanbide heziketako eskolei bultzada ematea funtsezkoa da; izan ere, gure basoen kudeaketa jasangarria egingo duten profesionalen heziketa hor ematen baita.
Horrez gain, herritarrak basoen kudeaketa jasangarriaren premia ulertzeko gizarte-hezkuntza oso garrantzitsua da. Baita basoaren funtzio-aniztasuna uler dezaten, bai ekoiztera bideratutako mendietan, zein natur-babeserako mendietan.
