EHNE, ENBA eta Gipuzkoako Baso Elkarteak basojabeak kaltetu eta izutu nahian ugaritzen ari diren erasoak gaitzesten ditugu eta instituzioen erantzun irmoa eskatzen dugu.
Zestoa eta Azpeitiko mendietan 7.000 zuhaitz moztu berri dituzte.
Sabotajeak ez dira gauza berria gure mendietan. Basojabeok aspaldidanik jasan izan ditugu neurri handiago edo txikiago batean, baita zeharkako mehatxuak ere. Zuhaitz anillatzeak, gutxinaka hil daitezen, edo hainbat espezieren kontrako erasoak ikusi izan ditugu urteetan zehar lursail pribatuetan batipat.
2021eko abuztuan Bizkaian eta 2023ko apirilean eta abuztuan Gipuzkoan, hiru lursailen kontrako erasoak (“ekintzak”) egin eta aldarrikatu zituzten: Arratian “ehundaka” zuhaitz moztuz; Hernani eta Arano arteko lursail batean beste 3.000. Eta Azpeitin beste bi hektarea inguru ere arrasean moztuz. Eukaliptoa zuten helburu orduan. Era sinbolikoan beste batzuetan, lursail batera sartu, bertan landatu berri diren zuhaitz batzuk atera, bide ertzean haritz-landare gutxi batzuk sartu, argazkia egin eta alde egin; eta hori guztia euren leloa aldarrikatzeko.
Kasu batzuetan, ez da bakarrik zuhaitzak moztea, baizik eta hesiak apurtu eta lursail horietan sekulako astakeriak egitea.
Azken asteetan, aldiz, erasoek beste kutsu eta tamaina bat hartu dute: geroz eta zuhaitz espezie eta lurjabe gehiagoren kontra ari dira. Talde batek Berangon eta Azpeitin “11.000 zuhaitz” moztu dituela aldarrikatu du. Guk ez dugu Berangokoaren berri izan. Baina baieztatu dugu Azpeitin eta Zestoan, sei-zazpi hektareako eremu batean azken urteetan landatutako 7.000 zuhaitz arrasean moztu dituztela. Kriptomeriak kasu honetan. Horietako batzuk ekarri ditugu.
Honen aurrean esan nahi dugu:
Basokoa da herri honetan burutzen den aktibitaterik berdeena. Landareak sartu, hauek zaindu hazten laguntzeko, garbitu, eta bere garaian ekoiztutakoa bildu, gizarteari egurra eskaintzeko. Trantsizio ekologikoarekin betetzen zaigu ahoa, jasangarritasunarekin, berriztagarraiak diren materialak erabili eta petrolio edo eratorrien alternatibak bilatzearekin. Horiek denak ditu basoko ekoizpenak. Eta hala ere, ugaritzen ari diren gertakari lotsagarri batzuk salatu beharrean aurkitzen gara.
Haserre, ulertu ezinik uzten gaitu zer nolako inpunitatearekin zenbait pertsonak kalteak eragiten dituzten baso landaketetan, ondoren gainera, zenbait komunikabidetan eginikoa aitortuz.
Jabe pribatuak salaketak jarri dituzte, baina susmoa dugu ikerketak ez duela aurrera egingo eta ezer argirik ez dugula bertatik aterako. Hau dela eta, gizartearen ordezkariak diren erakunde (Aldundia eta Udalak) eta alderdi politikoen babesa botatzen dugu faltan.
Non daude gertakari hauek salatu, argitu, eta egileak zigortzeko instituzioak? Non daude alderdi politikoak? Inork pentsatzen al du kalte hoiek lantegi, denda, etxebizitza edo parke publiko batean gertatu balira jarrera hau? Ez dago eskubiderik!
Isiltasun honek, honelako ekintzak zilegiztatzen dituela garbi dugu. Baso jabea, kudeatzailea, kaltetu eta izutzea helburu duten ekintzak dira, material sintetiko, burdin eta hormigoiaren lurraldean gizarteari esanaz landareak direla “krisi ekosozialaren” erantzule. Nahikoa da txorakeriak esateaz eta astakeriak egiteaz!
Egurra gure egunerokoan oinarri-oinarrizko materiala da, ahazten bazaigu ere. Komuneko paperetik hasita, kartoizko kaxatxoak, paleak, teilatuak edota etxea berotzeko peletak egingo badira. Eta hori, baso landaketa eta ondoren kudeaketak bermatzen du, ez dezagula ahaztu! Edo herri honek behar duen lehengai dena importatu behar du?!
Ondorioz, honako hau eskatzen dugu:
- Erantzuleak identifikatu eta zigortu behar dira
- Kaltetuek kalteordainak jaso behar dituzte, galeraren %100 estaliz
- Foru Aldundiak birlandatzeak %100ean lagundu behar ditu
Era berean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan bete-betean aurkitzen garenez, ezinbestekoa deritzogu alderdi politiko denek beren posizioa agertzea gertakari hauen aurrean, jendarteak, baserritarrok, jakin behar dugulako ordezkari politikoen jarrera gu mehatxatu eta kaltetu nahi gaituztenen aurrean.
Gipuzkoako baso jabeen lana txalotzekoa da, errekonozimendu internazionala duena, eta hori egiten duten emakume eta gizonak zoriondu behar dira, herritarrei egurra eskainiz, airea garbituz baso hoiekin, aisialdirako ere lur pribatuak eskainiz, doainik! Gu ez gara garenaz eta egiten dugun lanaz lotsatzen! Guk garbi dugu, segi horrela, ondorengoek ere aukera izan dezaten aurrekoei erreleboa hartzen!
