Europan eta Euskadin premiazko ekintza politikoak aplikatzeko gogoetak

2022ko abenduaren 7tik 19ra bitartean, Nazio Batuen Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmeneko Alderdien Konferentziaren 15. bilera egin da (COP15). 2021ean egin zen bileraren lehen fasea, Kunming-en, Yunnan probintziako Txinako hego-mendebaldeko probintzian. Orain, Montrealen (Kanada) egin den bigarren fasea ospatu da.

Hitzaldi horiek, Nazio Batuen Ingurumen Programak (NBIP) sustatzen ditu, munduko ingurumen-agintaritza nagusiak. Ingurumen-agenda orokorra ezarri, Nazio Batuen sisteman garapen jasangarriaren ingurumen-dimentsioa modu koherentean ezartzea sustatu eta ingurumenaren alde egiten duena da.

Azaldutako Nazio Batuen Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmen horren sortzea, munduko komunitateak garapen jasangarriarekin duen konpromiso gero eta handiagoan oinarritua egin zen. Nazioarteko hitzarmen hori aurrerapauso handia da dibertsitate biologikoaren kontserbazioan, osagaien erabilera iraunkorrean eta baliabide genetikoen erabileraren ondoriozko onuren banaketa zuzen eta bidezkoan.

Bere sorrera 1988an hasi zen, Nazio Batuen programa horrek dibertsitate biologikoari buruzko nazioarteko konbentzioaren beharra aztertzeko aditu-talde berezi bat deitu zuenean. Behar hori egiaztatuta, 1989an, programak nazioarteko lege-tresna bat prestatzeko Ad Hoc aditu tekniko eta legalen lantaldea ezarri zuen. Adituek, batetik, herrialde garatuen eta garapen-bidean daudenen artean kostuak eta onurak partekatzeko beharra, eta, bestetik, tokiko biztanleriaren berrikuntza bultzatzeko moduak eta bitartekoak kontuan hartu behar zituzten. 1992an amaitu zuten lana, adostutako testua onartzeko, Nairobiko Konferentziarekin. Konbentzioa 1992an sinatu zuten nazioek, Ingurumenari eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Konferentzian (Rioko "Lurraren Gailurra"n). Azkenik, 1993an, hitzarmena indarrean sartu zen 168 alderdi (gobernu) sinatzailerekin.

Alderdien Konferentzia (COP) hitzarmena zuzentzen duen organoa da, eta aldizkako bileretan hartzen dituen erabakien bidez hitzarmenaren inplementazioa sustatzen du. Orain arte, Alderdien Konferentziak 14 bilera arrunt eta ezohiko bat egin ditu. 1994tik 1996ra bitartean, Alderdien Konferentziak ohiko bilerak urtero egin zituen, baina 2000. urtetik aurrera bi urtean behin egiten ditu.

Nagoyan 2010ean, Aichi probintzian (Japonia) dagoen hirian, ospatu zen COP10ean, alderdiek, Dibertsitate Biologikorako Aichiren 2020ko Helburuak deitu zena betetzeko konpromisoa hartu zuten. Helburu horien artean, habitat naturalen galera erdira murriztea eta kontsumo eta ekoizpen jasangarrirako planak gauzatzea proposatu zen. Hala ere, 2020an argitaratutako Munduko Biodibertsitatearen Ikuspegiak (ingelesezko siglak: GBO), aniztasun biologikoaren egoerari eta joerei buruzko datu berrienak laburbiltzen dituen aldizkako txostenak, helburu horietako bat ere ez dela osorik bete adierazten du.

Helburu horietatik desbideratzeak, ondorio oso kaltegarriak ditu planetako gizarteentzat. Izan ere, munduko BPGaren erdia baino gehiago (44 bilioi dolarren baliokidea) neurri batean edo bestean, naturaren eta haren zerbitzuen mende dagoelarik, dagoeneko, desagertzeko arriskuan dauden milioi bat landare- eta animalia-espezie dituela esan nahi bait du (dinosauroen garaitik izan den bizitza-galera handiena). Kontuan hartu behar dugu, gizateriaren existentzia bera, aire garbia, janaria eta giro bizigarria izatearen mende dagoela (mundu naturalak araututako hiru dimentsio).

Horregatik, garrantzi berezia emanez, hitzarmena sinatu zuten 188 gobernuen ordezkaritzak, 15.000 pertsona inguru, planetaren biodibertsitate beherakor hori salbatzeko plan orokor bat ezartzea asmo zuen mundu mailako esparru bat ezartzera bildu ziren Montrealen. Esparru horrek, Dibertsitate biologikoaren Kunming-Montreal Mundu Esparrua izenekoak, Hamarkada honi gelditzen zaionari begira, biodibertsitatea eta ekosistemak zaindu, babestu, leheneratu eta modu iraunkorrean kudeatzeko, ikuspegi estrategikoa eta ibilbide-orri orokorra emango ditu.

Esparruak lau helburu global orokor ditu:

  1. Gizakiek eragindako desagertze arriskuan dauden espezieen suntsipena geldiaraztea eta, 2050erako, espezie guztien desagertze arrisku erritmoa hamarren batera murriztea.
  2. Aniztasun biologikoa modu iraunkorrean erabili eta kudeatzea. Gainera, naturak pertsonei egiten dizkien ekarpenak baloratu, mantendu eta hobetzea, hala nola ekosistemen funtzioak eta zerbitzuak.
  3. Baliabide genetikoen erabileraren onura guztiak eta baliabide genetikoei buruzko sekuentzia digitalen informazioa zuzen eta bidezko eran partekatzea.
  4. Hitzarmen hau sinatu duten alderdi guztiei, batez ere garapen-bidean dauden herrialdeei eta uharte izanez garapen-bidean dauden estatu txikiei, bidezko eran adostutako mundu-esparrua erabat aplikatzeko egokiak diren ezarpen-baliabideei irisgarritasuna ematea.

Halaber, Kunming-Montreal esparru horrek, berehala hartu eta 2030erako osatu beharreko 23 jarduera-xede ditu. Nabarmentzekoak dira:

  • Lurreko, ur kontinentaletako, kostaldeko eta itsasoko uren %30 gutxienez modu eraginkorrean zaindu eta kudeatzea (gaur egun, lehorreko eremuen %17 eta itsas eremuen %8 eremu babestutzat jotzen direnean).
  • Lurreko, kostaldeko, itsasoko eta ur kontinentaletako ekosistemen %30 eraginkortasunez leheneratzea.
  • Biodibertsitaterako oso garrantzitsuak diren gainazalen galera zerora hurbiltzea, ekologia-integritate handiko ekosistemak barne.
  • Munduko elikagai-hondakinak erdira murriztea
  • Biodibertsitateari kalte egiten dioten pizgarriak pixkanaka kentzea edo aldatzea, urtean 500.000 milioi dolar gutxienez, eta, aldi berean, biodibertsitatea kontserbatzeko eta modu iraunkorrean erabiltzeko pizgarri positiboak areagotzea.
  • Urtean gutxienez 200.000 milioi dolar mobilizatzea iturri publiko eta pribatuetatik, biodibertsitateari buruzko plan eta estrategi gauzatzeo finantziaziorako.
  • Herrialde garatuetatik garapen-bidean dauden herrialdeetara datozen nazioarteko finantza-fluxuak urtean 30.000 milioi dolarrera igotzea, gutxienez.
  • Enpresa transnazionalek eta finantza-erakundeek beren arriskuak eta bioaniztasunean dituzten eraginak kontrolatu, ebaluatu eta erregulartasunez zabal ditzaten zaintzea, baita eragiketak, hornidura- eta balio-kateak eta zorroak ere.

Jarduera-xede horiek berehala ezartzeko, premiazko ekintza politikoa egin beharko da, hainbat mailatan: mundukoa, nazionala eta eskualdekoa. Ondorioz, ekintza politiko horrek eredu ekonomiko, sozial eta finantzarioak aldatu beharko ditu. Beraz, ezarpen hori izango da, aurrerantzean, adostutako mundu-esparru horren guztiaren funtsezko alderdia.

COP15ean zirriborratutako puntuen artean, eta arreta bereziz landuta, badaude ezarpen hori garatzeko oztopo handi batzuk, eztabaida handia sortu dutenak eta arazo izan daitezkeenak:

  • Herri indigenen eta tokiko komunitateen ekarpena eta eskubideak: Esparruak herri indigenen eta tokiko komunitateen eginkizun eta ekarpen garrantzitsuak aitortzen ditu, aniztasun biologikoaren zaintzaile diren aldetik, eta haien zaharberritze, kontserbazio eta erabilera jasangarriari lotuta dauden aldetik. Horiek ezartzean, beren ezagutzak errespetatu, dokumentatu eta gorde daitezen zaindu behar da, bereziki, biodibertsitatearekin, berrikuntzekin, mundu-ikuskerarekin, balioekin eta praktikekin lotutako ezagutza tradizionalak, aldez aurreko baimen aske eta arrazoituaren bidez, besteak beste, erabakiak hartzeko parte-hartze oso eta eraginkorraren bidez, Herri Indigenen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Deklarazioarekin eta nazioarteko zuzenbidearekin bat etorriz.
  • Adostutako jarduera-helburuen kostuak finantzatzea: herrialde garatuek, biodibertsitatea galtzeari aurre egiteko, garapen-bidean dauden herrialdeei zenbat diru bidaliko zieten jakiteko, negoziazioak egin ziren. Munduko Ingurumenerako Funtsak (ingelesezko siglak: GEF) Esparrua aplikatzen laguntzeko, finantza-fluxuak behar bezala aurreikusteko moduan eta behar bezala ziurtatzeko (hori oztopo handia izan zen elkarrizketetan) funts fiduziario berezi bat (Dibertsitate biologikoaren Munduko Esparru Funtsa) ezar zezala eskatu zen.

Garapen bidean dauden herrialdeetako komunitate indigenei zuzendutako erreferentzia horiek, ordea, beharrezko aplikazioa eta isla izan behar dute herrialde garatuetan ere. Oinarrizko alor bat da gaur egungo mendebaldeko gizarteak, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan, ingurumen-arloko jarduera-xede horiek neurri hertsatzaileen bidez ezartzeko joera duela. Horren adibide garbia da Euskal Autonomia Erkidegoan baso-kudeaketaren arloan gaur egun dagoen arau eta lege-egoera. Administrazioek sustapen-politikak gara baditzazkete ere, debekuak eta mugak garatzeko joera baino ez dute. Debeku eta muga horiek, natura-ingurunearen kudeatzaileen gizarte-taldearen gain ezartzen dira soilik, eta ez dago ez funts ez konpentsazio-sistemarik hori arintzeko.

Esukeras

Hori dela eta, Kunming-Montreal Esparrua garatzeko beharrezkoak diren ekintza politikoak garatuko dituzten Mendebaldeko herrialde horietako eskualde- eta estatu-administrazioek ere beren tokiko eta kudeaketa-komunitateak zaindu beharko lituzkete, eta Esparru horretan indigenentzat adostutako eskakizun berak aplikatu beharko lizkiekete: erabakiak hartzeko parte-hartze oso eta eraginkorraren bidez, beren ezagutzak errespetatu, dokumentatu eta gordetzea. Era berean, mundu garatuaren gizarte-atal horietan Esparrua erabat ezartzeko, finantza-baliabide egokiak, aurreikus daitezkeenak eta erraz eskuratzeko modukoak behar dira, derrigortu, debekatu eta mugatu ahal izan diren ondasunak eta zerbitzuak konpentsatzeko.

Era berean, hamarkada honen amaierarako esparru hori ezartzeko ibilbide-orriak jasotzen dituen puntuak sakonago aztertzea merezi du:

Biodibertsitatea eta ekosistemak kontserbatzea, osagai, egitura eta funtzio ugarien bidez sistema eta paisaia naturalen mantentzea bermatzea da (SECF, 2005). Berez, diziplina bat da, Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunak (UICN) 1948az geroztik mundu mailan garatua. Esparru hau ezartzearekin lortu beharreko helburu orokorra da.

Helburu horren aurrean, biodibertsitatea eta ekosistemen babesa, lurralde jakin batean bizi diren leinu guztien biziraupena, aurrerapena eta dibertsifikazioa bermatzen duten neurrien multzoa litzateke (SECF, 2005). Aurreko kontserbazioaren helburua nola lortu esanez gabiltza orain.

Babes hori lortzeko hartu beharreko neurriak ugariak eta aldakorrak dira. Zaindu beharreko elementu biologikoen berezko ezaugarrien menpe ez ezik, hori ulertzen duen alderdi sozialaren kulturaren eta balioen menpe ere badaudelaik. Horregatik, balio-sistema horiek ezagutu eta kontuan hartzen dituen atal bat du Esparruak. Hala ere, aipamen hori, biodibertsitatea, ekosistemak, Ama Lurra, bizi-sistemak eta naturak pertsonei egiten dizkien ekarpenetara (hala nola ekosistemen ondasunak eta zerbitzuak eta naturaren dohainak) mugatzen da. Ez du babesaren kontzeptuan sakontzen.

Gizarte-eremu askorentzat, batez ere hiri-eremu eta landa-populazioetatik urrunenetan, babesa, gizakiaren esku-hartzetik urruntzea da. Uste dute gizakiak zenbat eta gutxiago parte hartu biodibertsitatean eta ekosistemetan, orduan eta gehiago babestuko dela. Hori dela eta, helburu horretara bideratutako ekintza politikoek, adibidez, espazio babestuak ezartzeak edo espezie naturalak babesteko neurri zehatzak ezartzeak, giza esku-hartzea eragotzi edo mugatzeko joera dute.

Baina gizakia biodibertsitatearen eta ekosistema naturalen beste elementu bat gehiago izan da, eta da. Haren eraketan parte hartu du eta, beraz, orain gizakiari esku hartzeko aukera irmoki kenduko zaion eremu babestua izendatzeak, ez du nahitaez kontserbazioaren helburua lortuko. Eremu horiek, horrela sortuta, gehiago kaltetu eta hondatuta gera daitezke.

Europako Batasunaren 2030erako biodibertsitateari buruzko estrategia, Europako Itun Berdean jasoa, babesa ulertzeko modu horrekin biodibertsitatea eta ekosistemak kontserbatzea helburu duen adibide argia da. Estrategia horren funtsezko puntu bat, EBko lurrazalaren %30 (orain baino %4 gehiago) babestutako natur guneren baten mende egotea, eta, gutxienez, babes-eremu horien %10 (biodibertsitatearen arloan potentzial handiena erakusten dutenak) babes hertsikoak izatea (inolako kudeaketarik gabe) da.

Ekosistema naturalak babesteko era horretako proposamenek, goretsi egiten dituzte figura horiek ezarri nahi dituzten eta kudeaketa bertan behera uztea sustatzen duten kolektibo askoren eskaerak. Gertaera hau kezkagarria da, eta arazo larriak sor ditzake ondasunen nahiz zerbitzu ekosistemikoen horniduran.

Bestalde, ekosistema naturalak lehengoratzea, kaltetutako ingurunea hasierako egoerara bihurtzeko prozesua da, jatorrizko organismoek edo etorkizuneko erabilerara egokitutako beste organismo batzuek bizigarritasuna izan dezaten (SEFC, 2005). Basoen kasuan, gero eta gehiago lur eta baliabideek eskatzen dituen gizateria asetzeko, etengabe, asko suntsitu dira. Geratzen dena, kutsadura, izurriteak, gaixotasunak eta beste kalte batzuk, hala nola basoko suteak, hondatzen ari dira. Horregatik, baso-ekosistemak lehengoratzeak, zuhaitzak berriz haz daitezen birlandatzea edo leheneratze naturala lortzea esan nahi du.

Hala ere, nola zenbait kolektibok basoan gizakiak esku hartzea kaltegarria dela uste duten, baso-landaketak, batez ere kanpoko espezieekin egiten direnak, ez dituzte basotzat hartzen. Premisa horren arabera, lehengoratzearen kontzeptua espezie autoktonoekin berez ernetako basoak lortzera mugatzen da, edota baso-landaketak espezie autoktonoz berez ernetakoekin ordezkatzera. Hala, baso landaketek biodibertsitateari egin diezaioketen ekarpen handia gutxiesteko joera dago, bai eta zura ekoizte hutsetik haratago doazen zerbitzu ekosistemiko ugariena ere. Gainera, errefusatze horiek, gizarte-alderdi kudeatzailearen gain ezartzen dira, haren kultura eta interpretazioa ere kontuan hartu beharko liratekeelarik.

Aitzbee

Hamarkadaren amaieran esparru hori ezartzeko ibilbide-orriak jasotzen duen beste puntu bat biodibertsitatearen eta ekosistemen kudeaketa jasangarria litzateke. Hau basoen kudeaketa jasangarrira egokitzen badugu, 1993an Finlandian egin zen Ministerioen Biltzarreko 1. Helsinkiko Ebazpenak honela deskribatzen du: “basoak eta baso-lurrak modu eta erritmo jakin batean administratu eta erabiltzea, arlo sozial, ekonomiko eta ekologikoan dagozkion funtzioak berauen biodibertsitate eta potentziala mantenduz, orain naiz etorkizunean, mundu mailan, nazio mailan eta toki mailan, eta beste ekosistemei eragin gabe betetzeko”.

Berez, kudeaketa jasangarriak, baso-kudeaketa aplikatzeko ez du inolako forma zehatzik baztertzen. Inplikatzen duena, irizpide eta adierazle multzo bati, hau da, inplikazioak aztertu eta, agian, alderdi batzuk doitzea eskatzen duten estandar jakin batzuei, modu positiboan erantzutea da.

Doikuntza horietako bat, naturatik gertuko basogintza da. Izen liluratzaile horren azpian (gainerako basogintzak ere ez baitira harengandik urruntzen) eta kudeaketarako jarraibide zehatz batzuei jarraituz, biodibertsitateari buruzko alderdi batzuk hobetzeko (estalki jarraitua, espezieen nahasketa, birsortze naturalaren eta espezie autoktonoen lehentasuna…) abantaila batzuk izan ditzazkeen basogintza bat da , baina, horrez gain, itzala eta kontuan hartu beharreko zailtasunak ere baditu: gure zuhaitz-espezie askok itzalpean garatzeko duten intolerantzia, egur askorentzat askoz balio txikiagoak edo gainerako ekosistema-zerbitzu gehienekin batera merkaturik eza, kudeaketa-mota hori garatzeko zailtasun tekniko eta logistiko handiagoa, etab..

Hala ere, talde askok, baso-kudeaketa jasangarriaren kontzeptua, aplikatzeko modu horretara bakarrik murrizten dute. Izan ditzaketen abantailak gehiegi baloratzen dituzte, eta desabantailak gutxiesten, baztertu ez dituztenean egiten. Hori dela eta, hau, kontutan hartzea komeni den basoak kudeatzeko beste modu bat dela, baina ez bakar, ez eta zertan onena, aitortu behar dugu.

Era berean, ekoizteko modu hori, bai denboran nola espazioan, ekoizpenaren estentsifikazio bat da (ekoizpen-kopuru bera sortzeko denbora gehiago eta leku gehiago behar da). Hori, Europan oro har, eta Euskal Herrian konkretuki, hain eremu txikian bizi den gizarte ugariaren eskaria asetzeko eragozpen handia da. Kudeaketa gutxitu edo naturatik gertuko basogintzara bideratzeko premisaren pean azalera babestu gehiago sortzeak, gainerakoetan, gure beharrak aseko dituen ekoizpena areagotzea eta/edo gehiago eta urrunago inportatzea dakar.

Basogintza aplikatzeko modu desberdinak, are gehiago, landa-eremuan kudeaketa aplikatzeko modu desberdinak, ekoizpen-lekuen, erabili beharreko espezieen eta gizarte gisa ditugun beharren ezaugarri zehatzei erantzuten diete. Horregatik, benetan komenigarriena, berauen ahalik eta zabaltasun handiena izatea da: ekosistemak eta hauen zerbitzuen eskaintza dibertsifikatu ahal izateko, kudeaketa era dibertsifikatzea. Aukera hori garatzeko antzinako modu bat mosaikoko paisaia bat sortzea da, bertan, bakoitzak bere kudeaketa era garatzen duten lurzatiak txandakatuz.

AAAAAA

Horrela, paisaia hainbat teselaz osatzen da. Horietako bakoitza homogeneoa da barruan, nahiz eta, oro har, paisaiari aniztasun handia ematen dioten. Horrek, biodibertsitate zabalagoari bide emateaz gain (denetarik dago eta denean dago) etenune asko sortzen ditu. Horri esker, sortutako paisaiak, afekzioak, hala nola suteak edo izurriteak, askoz mugatuago eta kontrolatuagoa ditu (hedapena eta intentsifikazioa zailtzen ditu).

Hala ere, horrelako paisaiak garatzeko oztopo nagusia gaur egungo gizarte-portaera da. Ez dugu material berriztagarriz hornitzeko joerarik, ez eta tokian tokikoz, eta ez gaude prest prezio justuekin konpentsatzeko. Gizartearen zati handi batek beste kontu batzuen arabera kontsumitzen du (prezio baxua, erosekta eta erabilera erosotasuna eta produktuen homogeneotasuna). Horrekin lotuta, produktu eratorriak eraldatu eta banatzeko industriak (zerrak, arkitektoak, banatzaileak, biltegiak, etab.) espezializaziora (kostuak murrizteko eta salmentak hobetzeko) kontzentraziora eta esportaziora (merkatu-kota handiagoa hartzeko) jotzen du.

Europako zein Euskadiko Basogintza, gizarte jite honen adibide argia da. Eraldaketa-industriaren zatirik handienak koniferoen egurrarekin egiten du lan (batez ere, pinua eta izeia) kanpoko merkatu handietara begira, eta hostozabalen zuraren merkatua, oso eskari txikian geratzen da, eta, gainera, kanpoaldearen mende baita. Euskal Herrian, orain arte, zuraren eraldaketa-industria hori txikia eta ugaria izan den arren, orain kontzentratzera jotzen du (gutxiago izatera pasatzen dira, eta handiagoak dira) Europan gertatu den bezala.

Hala ere, Esparruak ez du gizarte-atal saihestezin horiek ekarriko dituen helbururik garatzen. Beraz, garatu beharreko ekintza politikoak ere ez dituzte kontuan hartuko. Beraz, kontserbazioaren helburua alderdi sozial kudeatzaileari soilik dagokio, eta gainerako gizartea ez da inplikatzen. Betebeharrak batzuentzat dira, baina onurak gainerakoentzat.

Kontuan izan behar dugu kontserbazio-helburuek sakrifizio handia dakartela gizarte osoarentzat, ez bakarrik kudeatzaileentzat. Orain garatzen ari ez den bezala, hasierako sakrifizio nagusia gizartearen gainerakoek egin beharko lukete, hau da, ingurune naturala kudeatzen ez dutenek, kudeaketaz onura ateratzen dutenek. Kontzientziatu egin beharko ginateke tokiko ekoizpeneko elikagai, materiale eta energía, berriztagarriak, lehentasunez kontsumitzeko; prezio justuekin konpentsatzeko, eta, beraz, ez nahitaez merke; gure kontsumoak dibertsifikatzeko, ekoizpen-aukeren abanikoa zabalduz; gure eraldaketa-industrien merkatuak murrizteko, haien tamaina mugatuz; industriek hartzen dituzten merkatuak dibertsifikatzeko, kontsumorako aukera handiagoa eskainiz eta gainerako ekosistema-zerbitzuen konpentsazioa beren gain hartuz.

Eredu ekonomiko, sozial eta finantzarioak eraldatu nahi baditugu, eta biodibertsitatea maila hobean gorde nahi badugu, planetako ekosistema naturalen funtzionamendu egokia bermatuz, lehenik eta behin sakrifizioa eskatzen duen kontzientziazioa lortu behar dugu. Gure pribilegio, irrika eta erosotasun askoren sakrifizioa. Lehenbizi kontsumitzaileena eta gero ekoizleena. Guztiona.

Aitor Onaindia Bereziartua

Basoa Fundazioa

2023ko urtarrilaren 5a

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Sociedad Española de Ciencias Forestales (S.E.C.F.). 2005. Diccionario Forestal. Mundi – Prensa. Madrid.